Hizkuntzak Biziberritzeko Aditu formazioan parte hartzen ari diren kideak Tolosan izango dira ostiralean, urriaren 16an. Izan ere, ekimenak Tolosako Udalarekin hitzarmena du, eta horregatik, partaideek bertan igaroko dute eguna.
Hainbat jarduera eta sentsibilizazio-saio burutuko dituzte Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkartearen eskutik. Besteak beste, hizkuntzak biziberritzeko praktika inspiratzaileen berri jasoko dute hainbat adituren eskutik, eskualdeko euskararen historia soziala ezagutuko dute eta Jon Sarasua irakasle, euskaltzain eta Garabideko zuzendariordeak hizkuntza estrategia eta agenteei buruzko sentsibilizazio saioa emango du.
Laugarren urtea du Hizkuntzak Biziberritzeko Aditu formazioak. Programaren koordinazio lana Garabide elkarteak egiten du, euskal hizkuntza normalizazioan aditu diren eragileen eta hizkuntza gutxituen alde diharduten aktibisten arteko zubi-lana eginez. Parte-hartzaileek hilabete eta erdiko egonaldia izaten dute Euskal Herrian, eta tarte horretan aukera dute hizkuntza biziberritzeko praktika arrakastatsuenak bertatik bertara ezagutzeko. Esperientzia horien artean, bai gizarte zibiletik sortutako ekimenak, bai administrazio publikoek bultzatutako politikak aztertzen dituzte.
Formazio-esparru akademikoari dagokionez, programak 100 ordutik gorako prestakuntza teoriko eta praktikoa ematen du. Saio horietan, euskal soziolinguistikan eta hizkuntza biziberritzeko estrategietan aditu diren irakasleek parte hartzen dute, parte-hartzaileei euren komunitateetan aplikagarriak izango diren tresnak eta ezagutzak eskainiz.
Egonaldian jasotzen duten formazioarekin eta egiten dituzten bisitekin parte-hartzaileei oinarri sendoa eman nahi zaie hizkuntza biziberritzearen arloan, zehazki, euskararen biziberritze-prozesuan metatutako ezagutza eta esperientziak partekatuz.
Aurtengo formazioan, hamar komunitatetatik etorritako hamaika hizkuntza aktibista ari dira parte hartzen. Gehienak Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikatik etorritakoak dira, baina badira baita Afrikakoak ere. Denak ala denak ari dira nor bere hizkuntza gutxitua biziberritzeko lanean.
Irailaren 18an iritsi ziren, eta urriaren 29ra arte egongo dira Euskal Herrian. Tarte honetan, euskalgintzan erreferente diren hainbat erakunde bisitatu dituzte, Biziberritze Prozesuan dauden Hizkuntza Komunitate Gutxituen Nazioarteko Kongresuan parte hartu dute, eta Kilometroak festan izan dira.
Aste honetan, esaterako, administratiboki laguntza gutxirekin, eta ofizialtasunik gabe, euskararen transmisioan eta biziberritzean lan handia egiten ari diren Ipar Euskal herriko hainbat esperientzia ezagutu dituzte. Atzo, berriz, araututako euskararen gakoak ezagutu zituzten Euskaltzaindiko Donostiako egoitzan. Hurrengo asteko bisiten artean, ostiralean, urriaren 23an, Gure Zirkua ikustera joango dira Errenteriara.
Ostiraleko egitaraua
- 09:00 - 11:00: Biziberritzen ari diren hizkuntzen inguruko praktika inspiratzaileen solasaldia hainbat adituren eskutik, Galtzaundi Elkartearen egoitzan.
- 11:30 - 13:30: Hizkuntzen biziberritzean aisialdiak eta denbora libreak daukan garrantziaren inguruko saio teorikoa, Galtzaundi Elkartearen egoitzan.
- 15:30 - 17:00: Herrian zehar, Tolosaldea eskualdeko euskararen historia soziala azaltzen duen ibilbide gidatua.
- 17:30 - 19:00: Sentsibilizazio saioa, hizkuntza-estrategia eta agenteen inguruan, Jon Sarasua, irakasle, euskaltzain eta Garabideko zuzendariordearen eskutik.