Historia aldatu duten emakumeak omentzea helburu duen erakusketa, Aranburun

Tolosaldeko Ataria

Erakusketan ikusi daitekeen lanetako bat.

Aranburu jauregian 'Zazpi sorgin' erakusketa ikusi daiteke urriaren 31ra bitarte. Ereite elkarteak antolatu du.

Tolosako Aranburu jauregian urriaren 31ra arte ikus daitekeen Zazpi Sorgin erakusketak historia aldatu duten emakumeak omentzea du helburu. Asteartetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara ikus daiteke, eta astearte zein ostiraletan, 18:00etan, bisita gidatuak ere egiten dituzte. Ereite elkarte kulturanitzak antolatu du erakusketa, eta 11 artistaren lanak biltzen ditu.
 
Sortzaileak eta aukeratu duten pertsonaia
  • Hector Luna - Micaela Bastidas Puyucahua: iraultzaile peruarra izan zen, Espainiako inperio kolonialaren aurkako independentzia mugimenduan funtsezko papera jokatu zuen.
  • Elena Arrese - Marie Curie: fisikari eta kimikari aitzindaria izan zen, erradiologiaren arloan egindako ikerketengatik ezaguna.
  • Blanca Sagasti - Alexandriako Hipatia: antzinaroko filosofo neoplatoniko, matematikari eta astronomo greziarra.
  • Vanessa Alzate - Leonora Carrington: margolari eta idazle surrealista anglo-mexikarra, mugimendu surrealistako emakumezko figura garrantzitsuenetako bat.
  • Ramon Balerdi - Aspasia de Mileto: Grezia klasikoko emakume intelektual eta filosofo garrantzitsu bat izan zen, eta Atenasko urrezko aroan eragin handia izan zuen.
  • Naiara Delgado - Virginia Woolf: idazle, saiogile eta pentsalari britainiarra izan zen, eta XX. mendeko literatura modernistaren autore garrantzitsuenetako bat.
  • Guillermo Olmo - Juliana Agirrezabala: Bizkaiko Irakasle Eskolan erreferente izan zen amezketarra. 1854an jaio zen eta hamar seme-alabetan bigarrena zen. Nerabea zelarik Bilbora joan zen bizitzera, familia osoarekin. Toledon (Espainia) egin zituen irakasle ikasketak, eta amaitu orduko plaza lortu zuen bertan.
  • Marian Irigoien - Heba Abu Nada: poeta, eleberrigilea, biokimikaria, nutrizionista, ekintzaile feminista eta Wikipediaren laguntzaile palestinarra izan zen.
  • Jurema Pelofuego - Mary Shelley: idazle, eleberrigile, dramagile eta biografo britainiarra.
  • Arantxa Arratibel - Hildegarda de Bingen: Erdi Aroko abadesa beneditarra, musikagilea, idazlea eta elizako doktorea izan zen.
  • J. Iñaki Ormazabal - Cecilia Payne: ingeles-estatubatuar astronomoa eta astrofisikaria izan zen, unibertsoaren eta izarren konposizio kimikoa zein zen lehen aldiz argitu zuen.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!