San Estebango auzo elkartea eraberritu egingo dute, eta horretarako parte-hartze saioak antolatu ditu Tolosako Udalak. Lehen saioa ostiralean, urriaren 16an, izango da, 19:00etan, auzo elkartean bertan, eta irekia izango da. Bertan proiektuaren nondik norakoak aurkeztuko dituzte eta auzotarrek aukera izango dute haien ideiak, beharrak eta proposamenak zuzenean partekatzeko. «Prozesuaren helburu nagusia da San Estebango bizilagunen ekarpenetatik abiatuta, auzoko bizitza kolektiboa hobetuko duen espazio publikoa diseinatzea», esan du udalak.
Espazioa auzo guztiarentzat
Gaur egun, Ttonttor auzo elkartearen kanpoaldeko espazioa elkartearen erabilera pribaturako nahiz herriko hainbat ekitalditarako erabiltzen da; hala nola, urriko jaietarako, urriaren hasierako kroserako, San Joan suaren ospakizunerako eta ekaineko garagardo festari begirako jardueretarako.
Parte-hartze prozesuaren bidez, aztertu nahi dutena da zer aukera dagoen espazio hori auzo osoaren topagune eta erabilera anitzeko gune bihurtzeko. Horretarako, auzotarrek erabakiko dute espazioak nolakoa izan beharko lukeen, zer elementu izango dituen, zer erabilera eman ahal izango zaizkion eta bertan zer jarduera garatu ahal izango diren.
Proiektuak garrantzi berezia ematen dio parte-hartzaileen aniztasunari. Haurren, gazteen, helduen eta adinekoen ahotsak jasotzeaz gain, auzoan bizi diren pertsona eta familia berrien nahiz betidanik San Estebanen bizi izan direnen arteko harremanak sustatu nahi dituzte. Era berean, auzoko hainbat eragile eta kolektiboren parte-hartzea bultzatuko dutela esan du udalak, hau da, Ttonttor elkartea, moldaviarrak, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, txaranga, Bonberenea, ToloBolei, Gure Zirkua, ATARIA, Boxa taldea, Ereite eta gimnasia erritmikoa, besteak beste.
Horrela, prozesuak kulturartekotasuna eta belaunaldiartekotasuna sustatzeko aukera ere eman nahi dute, auzoko pertsonen eta eragileen arteko ezagutza eta elkarlana indartuz.
Espazioa sortzeaz gain, komunitatea indartzea
Ekimenaren helburuak espazio fisikoa eraldatzetik harago doaz. Parte-hartze prozesua bera auzoaren kohesioa eta komunitatea sortzeko eta sendotzeko tresna izatea nahi dute.
Horretarako, etorkizunean espazioan garatu ahal izango diren jarduera iraunkorrak ere definituko dituzte, kultura eta belaunaldi aniztasuna kontuan hartuta. Era berean, auzotarrek elkarrekin sortu eta eraikitako elementuak, hala nola hiri altzariak edo lorezaintza proiektuak, eta jai edo auzo ekitaldien prestaketak eta ekimenak ere planteatuko dituzte.
Parte-hartze zuzen horrek espazioarekiko pertenentzia sentimendua indartzea eta haren zaintza sustatzea ere bilatuko du. «Helburua da, beraz, San Estebanen dauden pertsona, kolektibo eta eragileen arteko elkarlana indartzea eta auzoko ekimenetarako erreferentziazko espazio komun bat irudikatzea».
Saioa irekia izango da, eta San Estebango auzotar guztiak gonbidatuta daude parte hartzera. Ez da beharrezkoa aurretik prozesuan parte hartu izana, auzoa ezagutzen dutenen zein bertara berriki iritsi direnen iritziak eta proposamenak jaso nahi dituzte: «Ttonttor auzo elkartearen kanpoaldeko etorkizuneko espazioa guztion artean pentsatu eta diseinatzeko unea da. Auzoko bizitza kolektiboa indartuko duen espazioa eraikitzeko erronka guztien artean egitekoa da».