Tolosako Herri Krosak aurten ere izan ditu irabazleak

Leyre Carrasco

Bost kilometroko proban Aritz Garin eta Garazi Karrera izan dira azkarrenak, eta hamar kilometroko proban, Xabier Sanchez eta June Sudupe. Ondoren, txikien txanda izan da.

San Esteban auzoko Ttonttor Auzokide Kultur Elkarteak Tolosako Herri Krosa antolatu du, beste behin. Hogeita zortzigarren edizioa izango da aurtengoa eta, ohi bezala, urriaren 12an egin dute, auzoko kultur astearen barruan. Iaz bezala, aurten ere bi lasterketa izan dira, aldi berean: 5 kilometrokoa –bira bat– eta 10 kilometrokoa –bi bira–. Proba motzean 67 parte hartzaile izan dira, horietako 35 emakume; eta proba luzean, berriz, 167 parte hartzaile, horietako 36 emakume.

Iaz bezala, bost kilometroko gizonezko probako irabazlea Aritz Garin billabonatarra (00:15:45) izan da. Azken urtean egin dituen probekin ez da hain gustura geratu billabonatarra, baina gaurkoan sentsazio horri buelta ematea lortu duela kontatu du: «Banekien forma onean nengoela, baina azken lasterketak ez zaizkit nahi bezala atera eta gaurko garaipenarekin gustura geratu naiz. Errimo fuerte batean hasi naiz eta horrekin irautea zen nire asmoa. Bentaunditik igaro arte halaxe joan naiz, eta metro batzuk atera dizkiot atzetik nuen korrikalariari eta bukaera arte eustea lortu dut».

Emakumezkoetan, berriz, Garazi Karrera irurarra (00:18:30) izan da azkarrena. Lesio baten eraginez denbora luzez geldirik egon ostean, Tolosako krosa «erronka» moduan hartu du irurarrak eta lehen postuarekin pozik agertu dela esan du: «Lehen postua baino gehiago izan da ikustea bost kilometrotan erritmo azkarrago batean ea ondo erantzun didan gorputzak, eta nik horrekin irabazi dut».

Hamar kilometroko gizonezko proban, berriz, Xabier Sanchez idiazabaldarra (00:32:25) izan da garaile. Tolosako krosa egutegian gorriz markatuta duen probetako bat du idiazabaldarrak, eta urteroko moduan sentsazio oso onarekin amaitu duela azaldu du: «Lehen buelta azkarregi eman dugu, bost kilometroko taldetxo batekin joan garelako, eta horiek bukatu dutenean bi lagun geratu gara eta bion arteko borroka bat izan da zortzigarren kilometroa arte, aurre hartzea lortu dudan arte».

Emakumezkoetan, June Sudupe hernialdearra (00:37:12) izan da garaile. Tolosa krosan parte hartzen zuen lehen aldia izan du hernialdearrak, eta helburuak beteta, pozik agertu da probarekin: «Lehen bost kilometrotan oso gustura joan naiz, baina azken kilometroak gogorrak egin zaizkit, eta azken hiru kilometroak sufritu egin ditut. Nire helburua 40 minutu egitea zen eta helmuga 37 minututan igarotzea lortu dut, beraz, oso pozik nago».

XI. Txiki Krosa

Helduen ostean haur eta gaztetxoen txanda izan da. Honela, umore ederrean hartu dute txikienek San Esteban auzoko kalea. Kros txikiaren kasuan, hamaikagarren edizioa izan da aurtengoa, eta hiru mailatan banatu dituzte lasterkariak: 5 urtera arteko haurrek, 300 metroko ibilbidea osatu behar izan dute; 6tik 9ra urtera arteko haurrek, 500 metroko ibilbidea; eta 10tik 14ra urte bitarteko gaztetxoek, berriz, 1.250 metro egin behar izan dute.

Hiru kasu hauetan, ez dute sailkapenik izan, parte hartzea eta ondo pasatzea izan dutelako helburu. Era berean, izena ematerakoan, Saharako kanpamenduetara bidaltzeko eskola materiala entregatu dute parte hartzaileek. Tolosaldea Sahararekin elkartea arduratuko da material guztia kudeatzeaz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!