Otxandion (Bizkaia) hasi eta Legution (Araba) amaituko den zeharkaldia antolatu du Tolosako Alpino Uzturre Mendi Elkarteak, iganderako. Bizkaia eta Araba artean dagoen Motxotegi mendilerro txikia zeharkatuko dute; «gehienentzat oharkabean pasatzen da, Gorbeiako Parke Naturaletik gertu dagoelako», adierazi dute elkarteko kideek.
13 kilometroko ibilbidea izango da, 630 metroko desnibel positibo metatuarekin. Guztira, 5 ordutan egitea aurreikusten dute. Lehenik, Astakuruntz (671 metro) igoko dute, eta galtzada batetik barrena Mekoleta auzoraino jaitsiko dira. Gero, urtegitik igaro, lepo gainera igo eta Motxotegira joango dira. Bertatik Esnauritzagainara (817 metro) joango dira, eta gero Aiagogaina mendira (802 metro). Azkenik, pistatik jaitsiko dira, Legutiora eramango dieten GR-25 markekin topo egin arte. Ibilbidearen bideoa ikusteko egin klik hemen.
Mendizaleak 07:30ean irtengo dira Tolosako San Frantzisko eliza atarian dagoen autobus geltokitik. Bazkideek 15 euro –30 urtetik beherakoek, zortzi euro– ordaindu beharko dute bidaia; bazkide ez direnek, berriz, 18 euro –30 urtetik beherakoek, bederatzi euro–.
Igandeko ibilaldiari buruzko informazio gehiago izateko edo izena emateko, alpinouzturre.eus webgunea bisitatu daiteke. Bestela, info@alpinouzturre.eus helbidera mezua bidali edo 747 456 014 telefono zenbakira deitu behar da.