Tolosako alkateak tokiko gobernantzaren eta herritarren parte-hartzearen garrantzia nabarmenduko du Europako parlamentuan

Tolosaldeko Ataria

Andu Martinez de Rituertok Tolosako hainbat eredu izango ditu ardatz Bruselan emango duen hitzaldian.

Europako parlamentuko The Left taldeak urriaren 13rako antolatu duen 'Ezkerreko Munizipalismoa lehen lerroan: herritarren bizi-maila hobetzen' jardunaldien barruan hitzaldia emango du.

Tolosako alkateak esan duenez, tokiko erakundeen funtsezko eginkizunari azpimarra egingo dio, herritarren parte-hartzea sustatzeko funtsezko elementu gisa, komunitatea indartzeko eta eskuin muturraren gorakadari aurre egitearekin batera. The Left taldeak eta Europako hainbat diputatuk antolatutako foroan, Europako tokiko ordezkari eta hautetsien arteko esperientzia-trukeak ardatz hartuko dira, ezkerreko balioetan oinarritutako politika publikoak partekatzeko eta gobernantza-eredu aurreratuak garatzeko. Izan ere, Euskal Herriko hautetsiez gain, Greziako Atenasko eta Milos hiriko alkateekin eta Danimarkako Aalborg hiriko zinegotziekin esperientziak partekatzeko aukera izango du Martinez de Rituertok, udalerrietatik ere «politika hitz larriz» egiten dela aldarrikatzeko. «Finean, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak izanik, beharrak zuzenean ezagutu eta haien ahotsa erabaki publikoetan txertatzeko ardura baitute hautetsiek».

Tolosako alkateak ondorengo printzipioak nabarmenduko dituela adierazi du: herritarren ahalduntzea, entzute aktiboa eta komunitate-sareen indartzea. «Horiek dira, hain zuzen, 2023-2027 agintaldi planean jasotako lehentasunezko oinarriak. Horretarako, udalak gobernantza kooperatiboa sustatzeko lan-ildoak garatu ditu, administrazioaren eta herritarren arteko elkarlana indartuz zaintza, energia, elikadura eta kultura bezalako esparruetan. Era berean, herriko eragileekin lankidetza sakontzea eta auzoen eta udalaren arteko komunikazio zuzena sendotzea dira jardunaren ardatzak, herritarren eskaerak jaso eta erantzuteko bideak hobetzeko helburuarekin».

Ildo horretan, Tolosako alkateak Bruselara eramango ditu auzoetako parte hartzea sustatzeko abian jarritako ekimenak, eta, bereziki, Auzoekin prozesua. «Ekimen horren bidez, auzo-elkarteekin eta auzotarrekin harreman zuzena indartu nahi du udalak, haien beharrak eta proposamenak jasotzeko eta udal-jardunaren inguruko itzulera eskaintzeko». Tolosako alkatearen arabera, herritarren parte hartzea ez da soilik erabakiak hartzeko tresna bat. «Demokrazia indartzeko, konfiantza eraikitzeko eta komunitatea kohesionatzeko bide ere bada. Horregatik, tokiko erakundeetatik gobernantza demokratikoan sakontzea funtsezkoa da, eskuin muturrak Europan demokrazia eta eskubide sozialak mehatxatzen dituzten joeren aurrean».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!