Gernika-Palestina herri ekimenak Euskal Herrian mobilizazioak egin zituen atzo, eta eskualdean Tolosako Plaza Zaharrean egin zuten elkarretaratzea Genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean. Mobilizazioan salatu zuten «jasanezina» dela munduaren egoera: «Gazan eta Palestinako gainerako lurraldeetan bizi duten egoera jasanezina da. Munduaren egoera bera ere jasanezina da. Genozidioak, gerrak, goseteak, desplazamenduak... Nazioarteko legedia sistematikoki urratzen da, Israel eta AEB gelditzen ez baditugu inpunitate osoz jardungo dute euren logika inperialistaz eta espantsionistaz».
Horrekin batera, «bakea eta justizia» aldarrikatu zituzten, eta baita «herrien subiranotasuna» ere: «Gernikaren herritik, beste behin herrien subiranotasunaren alde agertu nahi dugu. Bakea eta justizia aldarrikatu nahi ditugu». Era berean salatu zuten AEBek eta Israelek bultzatutakoa «su-eten tranpa bat» izan zela, nazioarteari Gazaren aurkako erasoaldia amaitua dela sinetsaraztea helburu zuena: «Saldu diguten bakeak lehen zuten lurraldearen %40an pilatu ditu palestinarrak; eta beste %60ak Israelgo armadaren esku jarraitzen du».
Mobilizazioaren amaieran, berriz, Gazako herritar baten testigantza irakurri zuten: «Saldu diguten bakeak pertsonak hondakinen artean harrapatzen jarraitzen du. [...] Eta eraikinak arriskutsuak izan arren, familia osoak etxean giltzapetuta jarraitzen dute, bonbardaketa horien beldur. Dagoeneko egunkarietako azala ez bada ere, Israelek Gaza bonbardatzen jarraitzen duelako».