Erakusketa berria dago ikusgai Topic museoan: Rut Olabarri artista bilbotarraren Trukatua eta akastuna. Museoaren aldi baterako erakusketen gelan eta Anbiguan jarri dute.
Rut Olabarrirekin batera aritu da Eduardo Sourrouille basauriarra lanean. Olabarrik Bilboko Torrontegui hotel mitikoan igarotako haurtzaroko oroitzapenen inguruko bidaia da erakusketa. Ehungintza, mihise gaineko olioa, zeramika eta hoteleko jatorrizko objektuak nahasten ditu.
Artistaren eta Bilboko hotel historikoaren arteko lotura oso estua da. Hotela artistaren familiarena zen, eta han igaro zuen bere haurtzaroa. Horregatik, bere sormen-lan ugariren inspirazio-iturri nagusia da.
Ainara Martin Topic-eko zuzendariak esan du gaur zabaldu duten erakusketarekin aro berri batean sartu dela museoa: «Arte plastikoak sartzen joango gara, eta erakusketa hau da horren adibide. Izan ere, honen atzean ez dago txotxongilo talde bat, orain arte ohikoa izan den bezala. Artearen mundutik datozen bi artistak eginikoa da. Baina, gure mundua, txotxongiloena, ere, neurri batean, ukitzen duela esan daiteke. Hori bai, beste diziplina batetik».
Proiektua oso polita dela esan du Martinek: «Memoriaren berreskurapena du oinarrian, jokoaren bidez. Hori txotxongiloekin ere egiten dugu. Eta, azken batean, irribarre bat sortaraztea ere bada erakusketaren helburua».