Nerabeen suizidioa prebenitzeko tailerra

Tolosaldeko Ataria

Nerabeekin eta familiekin ohiko harremana duten profesionalei, boluntarioei eta eragileei zuzendutako saioak izango dira. Saioak urriaren 13an eta 20an izango dira.

Tolosako Udalak gonbidapena egin die nerabeekin eta familiekin ohiko harremana duten profesionalei, boluntarioei eta eragileei, Sarea GKT proiektuan parte har dezaten. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateak sustatutako egitasmoa da Sarea GKT, eta helburu du nerabeen suizidioa prebenitzea eta ongizate emozionala sustatzea, eta, horretarako, komunitateko eragileak trebatzea.

Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz 2026-2027 deialdian aurkeztu da, eta nerabeekin eta familiekin harreman zuzena duten pertsonen prestakuntza du ardatz. Izan ere, komunitateko eragileek funtsezko zeregina izan dezakete ondoez emozionalaren lehen seinaleak antzemateko, eta, beharrezkoa denean, laguntza-baliabideetara bideratzeko.

Hainbat esparrutako profesional eta boluntarioei zuzendutako programa da. Besteak beste, hauei: gazteria-zerbitzuetako, Gaztelekuetako eta hezkuntza-aisialdiko profesionalei eta boluntarioei; kirol-klubetako entrenatzaile eta arduradunei; gizarte-zerbitzuetako eta komunitate-programetako profesionalei; kultura-, auzo- eta gazte-elkarteetako erreferenteei; guraso-elkarteetako kideei; eta nerabeekin edo familiekin ohiko harremana duten gizarte-erakundeetako pertsonei.

8 orduko saioak
Proiektuaren barruan, aurrez aurreko 8 orduko prestakuntza eskainiko dute, Gatekeeper ereduan oinarrituta. Saioak Alex Muela eta Haize Millan profesionalek emango dituzte. Muela Psikologian doktorea da EHUn, eta Psikologia Fakultateko irakaslea. Ikergai izan ditu haurren aurkako tratu txarren esku-hartze psikoterapeutikoa, suizidioa, ebidentzian oinarritutako esku-hartze psikologikoak eta Haur Hezkuntzako haurren ongizatea bermatzeko esku-hartzeen diseinua eta ebaluazioa. Millan, berriz, psikologo sanitarioa eta EHUko doktoregaia da, eta traumaren arloan aditua.  Bizkaiko Genero Indarkeriaren Biktimentzako Berehalako Arreta Zentroko psikologo eta koordinatzaile lanetan dihardu.

Prestakuntzan alarma-seinaleak azalduko dituzte, eta ondoez emozionalaren aurrean modu seguru eta egokian nola jardun. Era berean, lehen laguntza emango dute pertsona baliabide profesional eta komunitarioetara orientatzeko.
Prestakuntzaren helburua ez da arreta profesionala ordezkatzea, baizik eta komunitateko pertsonak tresnaz hornitzea, egoera horiek antzemateko eta dagokion laguntza-zerbitzura bideratzeko.

Tailerrak urriaren 13an eta 20an izango dira, kultur etxean. Saioak 15:30ean hasiko dira; lehen egunean, 18:30ean bukatuko da, eta bigarrenean, 19:30ean. Izena emateko, galdetegi hau bete behar da, urriaren 11 baino lehen.

Tolosako Udalak azpimarratu du tokiko erakunde eta eragileen parte-hartzeak lagundu dezakeela komunitateak nerabeei eta familiei laguntzeko duen gaitasuna indartzen. Horregatik, nerabeekin eta familiekin harremana duten eragileei eskatu die eman dezatela ekimenaren berri beren taldeetan eta sareetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!