Juanjo Alvarez eta Anton Losada izango dira Uzturre Foroaren hurrengo gonbidatuak

Tolosaldeko Ataria

'Zer ekarriko digu ikasturte politiko berriak?' galderari erantzungo diote urriaren 14an, 19:00etan, Topic-en.

Uzturre Foroak bere ekitaldi programarekin jarraitzen du. Ikasturte honetako lehena Doroteo Ziaurritzi buruzko hitzaldia izan zen, joan den irailaren 17an, Tolosako lehen alkate abertzalea izan zenaren heriotzaren 75. urteurrenean.

Bigarren hitzordua urriaren 14an izango da. «Munduan, Europan, Estatuan edo Euskadin dagoen egoera politiko konplexuari erreparatuta, mahai gainean jartzen den galdera honako hau da: Zer ekarriko digu ikasturte politiko berriak?». Galdera horri erantzuteko, Juanjo Alvarez Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna, jurista, Globernanceko idazkaria eta analista politikoa, eta Anton Losada irakaslea, Zientzia Politikoetako katedradun akreditatua, idazlea eta analista politikoa gonbidatu dituzte. Topaketak galdera-erantzunez osatutako elkarrizketa-formatua izango du, eta Aintzane Bolinaga kazetariak gidatuko du. Hitzordua 19:00etan izango da, Tolosako Topic zentroan. Ohi bezala, sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

Uzturre Foroaren proposamenaren abiapuntua munduko testuinguru geopolitikoaren, Europako egoeraren zein Espainiako egoera politikoaren ziurgabetasunarekin eta aurreikusteko zailtasunarekin lotuta dagoela esan dute. «Euskadik barne-eszenatoki politiko askoz aurreikusgarriagoa eta egonkorragoa bizi du, ziurgabetasun eta ezusteko gutxiagokoa; baina egia da gure herria ez dagoela inguratzen gaituzten gorabehera guztietatik kanpo. Ez bakarrik ez dagoela kanpoan: haien ondorioak pairatzen ditugu inflazioaren eta zailtasun ekonomiko, industrial zein sozialen bidez».

Urriaren 14koa Uzturre Foroaren hamargarren deialdia izango da, iazko martxoan eratu zenetik. Besteak beste, honako gonbidatu hauek izan dituzte: Aitor Esteban, Arantxa Gonzalez Laya, Euge Arrizabalaga, Eider Mendoza, Maribel Vaquero, Maria Ubarretxena, Oihane Agirregoitia, Alberto Martinez, Jon Sarasua, Manuela Carmena, Enric Juliana, Raquel Marti, Jose Garcia Montalvo eta Santi Peñalba. Ekitaldi horien guztien grabazioak hemen daude ikusgai.

Aldi berean, Uzturre Foroak gogoratu du, Tolosan eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, herri txikien eta landa-eremuaren testuingurura aplikatutako adimen artifizialari buruzko prestakuntza-programa bat duela, eta orain arte hiru saio egin dituztela: Tolosan, Albizturren eta Berrobin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!