Tolargik, Tolosako Udalaren sozietate publikoak, Nafarroa etorbidean, Amaiur haur parkearen ondoan dagoen transformazio-zentroaren segurtasuna hobetzeko lanak amaitu berri ditu.
Lanak udalak berak identifikatutako behar bati erantzuten dio, bai eta herritarren aldetik aspalditik jasotako eskaerari ere. Izan ere, transformazio-zentroaren kokapenak arreta berezia eskatzen zuen, haur parke baten ondoan dagoenez, adingabeen presentzia handia baita inguruan.
Orain arte, transformazio-zentrora hainbat lekutatik igo zitekeen. Egoera horrek erorketak gertatzeko arriskua zekarren, bereziki haur-parkea erabiltzen zuten haurrentzat, eta baziren instalazio elektrikoarekiko hurbiltasunak dakartzan arriskuak ere.
Istripuak saihesteko eta inguruko segurtasun baldintzak indartzeko, itxitura trinko eta seguru bat jarri da transformazio-zentroaren inguruan, bertara sartzea eragozteko eta instalazio elektrikoarekin lotutako arriskuak ekiditeko. Horrez gain, esku-hartzeaz baliatuta, egin dira transformazio-zentroa bera txukuntzeko eta egoera hobean jartzeko lanak ere, ingurunean integratzea eta instalazioaren itxura zainduta. Lan horien bidez, ingurua seguruagoa bihurtu da, istripuak prebenitzeko eta haurren zein herritar guztien segurtasuna bermatzeko asmoz.