Gernika-Palestina herri mugimenduak ehundik gora elkarretaratze antolatu ditu biharko. Euskal Herriko hainbat udaletxeren aurrealdean egingo dituzte, palestinar herriaren aldeko elkartasuna adierazteko eta Israel egiten ari den genozidioa salatzeko, Gernikaren herritik, genozidiorik ez! gerrarik ez! lelopean. Eskualdeari dagokionez Tolosan (Plaza Zaharra) eta Lizartzan (herriko plaza) egingo dituzte elkarretaratzeak, biak 19:00etan.
Herri mugimenduak esan du «sortzen ari diren munduko ordena berria» aldatzeko, herritarrei dei egin dietela haien aldarria kalera eramateko: «Kalera atera behar dugu». Era berean, salatu dute ez dela betetzen ari nazioarteko araudia, eta betearazi beharko luketenek ere ez dutela ezer egiten: «Inperialismoa, kolonialismoa eta giza eskubideen urratze sistematikoak normaltzen, onartzen eta betikotzen ari dira gizartean», salatu dute gaurko agerraldian. Ohartarazpen bat ere egin dute: «Datozen hilabete hauetan herrien etorkizuna baldintzatuko duten erronka erabakigarriak izango dira».