Azken osoko bilkuran onartu zen Tolosa Argituz kooperatibari zuzeneko emakida ematea, Ferialekuko teilatuaren zati batean eguzki plakak jartzeko. Udal eraikin bateko zati bat okupatzeagatik kanon berezia (gauzazko kanona) ezarriko diote; hau da, komunitateak ez du inolako kuota edo ordainketa ekonomiko zuzenik egingo, baina instalazioak sortzen duen potentzia edo energia osoaren % 6,46 udalari emango dio trukean. Emakidaren iraupena 25 urtekoa da, eta kanon berezia jasotzeari esker udalak argindar fakturan aurreztu ahal izango du; egindako neurketen arabera, gutxi gorabehera urtean 1.400 euroko aurrezkia ekarriko du horrek (25 urtean 36.117,17 euroko aurrezkia). Kooperatibak berme bat jarri beharko du (1.782 euro). Argituz Tolosaldea izango da instalazioaren jabea eta, beraz, hortik eratorritako eskubide eta betebeharrak izango ditu (emakidari lotutakoak).
Osoko bilkuran Aitor Agirresarobe zinegotziak azaldu zuen udal gobernuak ondo aztertu duela lagapena ematea udaleko teknikariekin batera, eta proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailaren diru laguntza ere jaso duela; hain zuzen ere, proiektuaren % 75 finantzatuko du. «Proiektu honen azken onuradunak herritarrak izango dira, eta eragile publiko zein pribatuen arteko elkarlanean sinesten dugu; horregatik egin dugu proposamena. Energiari dagokionez, energia ekoizpen eta kontsumo eredu desberdinak sustatu nahi ditugu. Gure agintaldi planean ere horrela jaso genuen eta, gainera, herritarren antolakuntza eta erabakitzeko ahalmena indartzen dituzten ereduak defendatzen ditugu; hau horren adibide bat da».