Lehenik, 16 urtetik gorakoen Topen Jai-Alai buruz buruko txapelketako finalak jokatu zituzten Beotibar pilotalekuan. Gizonezkoetan, Bixente Gonzalezek irabazi zuen; emakumezkoetan, berriz, Elaia Gojenonak. Gonzalezekin batera, Gaizka Garat eta Orkatz Uribesalgo aritu ziren gizonezkoen finalean; emakumezkoenean, berriz, Helena Barrenetxeak eta Maialen Aldazabalek ere jokatu zuten.
Ondoren, bazkaria egin zuten Zerkausian; 50 lagun inguru elkartu ziren. Gainera, Pakito Lujanbiok idatzitako Beotibar zesta punta eskola liburua aurkeztu eta banatu zuten. Horrekin batera, 75. urteurreneko kamisetak egin dituzte, eta dagoeneko eskuragarri daude sare sozialetan zabaldutako estekaren bitartez.
Modalitatea probatzeko deialdia
Gaur egun adin ezberdinetako 40 partaide inguru daude Beotibar zesta punta eskolan, aurrebenjaminetatik (7 urte) hasita nagusiak bitarte. Eskolan izena eman nahi dutenek edo probatzera bertaratu nahi dutenek horretarako aukera dute. Entrenamenduak Beotibar pilotalekuan egiten dituzte; astearteetan 19:00etatik aurrera, eta ostegunetan arratsalde guztian zehar izaten dira bertan. Probatzera joan nahi dutenek aurretik beotibarzestapunta@gmail.com helbidera idatzi behar dute.