Euskararen egoera nolakoa den jakiteko helburuarekin, Tolosako Inkesta Soziolinguistikoa egin du lehen aldiz Tolosako Udalak. Orain arteko datuak osatzera dator inkesta; izan ere, Tolosan urtero egiten da kaleko erabileraren behaketa, eta bost urtean behin jasotzen dira ezagutzari, lehen hizkuntzari eta etxeko erabilerari buruzko datuak, Eustat erakundearenak. Garikoitz Goikoetxea Tolosako Udaleko Euskara eta Hezkuntza teknikariak azaldu duenez, azken urteetan Tolosako kale erabileran geldialdi bat sumatu da, eta horretan ere sakondu nahi izan dute inkestaren bidez. Hala, bereziki aztertu da herritarren atxikimendua, euskarari buruz duten iritzia, eta, hain zuzen ere, ikusi da hor dagoela indarguneetako bat, herritar gehienak baitaude euskara indartzearen alde.
Inkesta 2026ko udaberrian egin zen, 800 tolosarri telefono bidez egindako elkarrizketen bidez. Siadeco etxeak egin du landa-lana, eta Tolosako Udala arduratu da datuak ustiatzeaz. 16 urtez gorako herritarrak hartu dira aintzat, Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoan bezala. Guztira, sei atal –hizkuntza-gaitasuna, erabilera, atxikimendua, transmisioa, hizkuntza-bilakaera eta auzoak– aztertu dira.
Hizkuntza-gaitasuna
Lehen atalean, euskararen ezagutza eta gaitasuna aztertu dira, eta ondorioztatu da gehienek euskaraz badakitela, hirutik bik baino gehiagok (% 67,6). % 4,2 ulertzeko gai dira, eta % 28,2k ez du euskaraz ulertzen.
Inkestaren bidez harago jo nahi izan da, ordea, eta aztertu da zein den tolosarren gaitasun erlatiboa; alegia, euskaraz edo gaztelaniaz egiten ote duten erosoago. Argazkia aldatu egiten da hori aztertuta, erdararen indarra ikusten baita: hiztunen % 46ren hizkuntza nagusia erdara da; % 26k antzeko gaitasuna dute euskaraz eta erdaraz; eta % 28 aritzen dira euskaraz hobeto.
Ingelesari buruz ere galdetu da inkestan. Hirutik batek dio gai dela ingelesez ordu erdiko solasaldi bat edukitzeko. Adina kontuan hartuta, berriz, 35 urtetik beherako tolosarretatik % 55 dira gai, eta 65 urtetik gorakoen % 6.
Erabilera
Euskararen eta erdararen erabilera paretsu dago Tolosan. Inkestak berretsi egin du, beraz, kaleko erabileraren neurketak azken urteetan emandako emaitza. Horrek zera esan nahi du: euskaraz dakiten tolosarren artean euskara dela hizkuntza nagusia. Gaitasunak asko baldintzatzen du erabilera: zenbat eta erosoago aritu euskaraz, erabilera handiagoa —beste aldera ere bai: zenbat eta gehiago egin euskaraz, gaitasun handiagoa—. Goikoetxeak gazteen erabilera nabarmendu du, «haiek egiten baitute euskaraz gehien, eta ez soilik euskaraz gehiagok dakitelako, gazte euskaldunen erabilera-maila handiagoa da heldu euskaldunena baino».
Esparru formaletan du erabilerarik handiena euskarak Tolosan. Hain justu, erabilera handiena udaletxean (% 61) dago. Hutsunerik nabarmenena, berriz, lan-arloan ematen da, % 39. Arlo horretan dago, hain zuzen, ezagutzaren eta erabileraren arteko alderik handiena. Eguneroko esparru informaletan, hau da, etxean eta lagunartean, % 50aren bueltan dabil euskararen erabilera. «Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoan lan arloa ez da erabilera maila baxuena duen eremua, badaude beste batzuk –lagunartea edota eskola bezala», nabarmendu du Goikoetxeak.
Erabilerarekin lotuta, hizkuntza-ohiturei buruz galdetu da, eta indargune batzuk agertu dira: hirutik bik euskaraz egin ohi dute lehen hitza, adibidez. Erabilerak behera egiten du tartean erdaldunak sartzean: euskaldun gehienek erdarara jotzen dute taldean erdaldunen bat bada.
Atxikimendua
Euskarari buruzko iritzietan indargune sendoa du euskarak. Batetik, identifikazioaz galdetu da: hizkuntza batzuk edo besteak jakin eta zein hizkuntzarekin identifikatzen duten beren burua. Euskara da identifikazio-hizkuntza nagusia, eta areago gazteen artean. Bide beretik, tolosar gehienak ageri dira euskara sustatzeko neurrien alde: % 82. Kontrako iritzia erabat bazterrekoa da (% 2), eta tartean daude % 15a ez alde eta ez aurka. Galdera zehatzagoetan ere nabarmena da aldekotasuna: tolosarren % 91k uste dute ume guztiek ikasi beharko luketela euskaraz, eta % 83ren ustez, administrazio publikoko langileei eskatu behar litzaieke euskaraz jakitea.
Etorkizunari dagokionez, Tolosa euskaldunagoa desio dute herritar gehienek: % 11k nahi dute euskaraz soilik biziko den Tolosa, eta % 54k, euskaraz erdaraz baino gehiago egingo duen herria. Herritarren herenek nahi dute euskaraz eta erdaraz paretsu egingo duen herria (% 35). Erdara nagusi izatearen aldeko iritzia erabat mugatua da tolosarren
artean (% 1).
Transmisioa
Tolosar gehienek euskara dute lehen hizkuntza, umetan etxean jasotakoa: % 50ek euskara soilik, eta % 7k erdararekin batera. Belaunaldi berrietan gora egin du etxean euskara jasotakoen ehunekoak, baina aldaketa pare batekin. Batetik, gero eta ohikoagoa da etxean euskara eta erdara jasotzea; bestetik, geldialdi-zantzuak ageri dira familia-transmisioan, bereziki tipologia batzuetako gurasoen transmisio-ereduari dagokionez.
Hizkuntza-bilakaera
Hiztunen bilakaera ere aztertu da, hau da, urteetan aurrera egin ahala zer bide egiten duten euskararen ezagutzak eta gaitasunak. Euskaraz dakiten tolosar gehienak euskaldun zaharrak dira, etxean euskara jaso zutenak, eta ia ez dago euskara galdu duen hiztunik. Etxean euskara jaso ez zutenei erreparatuta, galga sumatzen da, lautik bakarrak ikasi baitu euskaraz. Gazteen artean gehiago euskaldundu dira, baina gutxiengoa dira betiere.
Gaitasun erlatiboaren ikuspegitik muga handiagoak ageri dira. Euskara lehen hizkuntza duten tolosarren erdiek galdu egin dute euskaraz zuten nagusitasuna: alegia, nahiz eta umetan euskara bakarrik jaso etxean, gaur egun ez dute euskaraz egiten erdaraz baino erosoago. Bilakaera negatibo hori nabarmenagoa da 50 urtetik gorako tolosarren artean, baina gazteen artean ere sumatzen da, hizkuntza-bilakaeran erdarak duen indarraren ikur.
Aurrera begira
Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak nabarmendu du hizkuntza-politikak babes zabala daukala Tolosan: «Hamarkada hauetan aurrerapen handia egin dugu Tolosan, eta bide hori adostasun zabalarekin egin dugu. Jende askoren ahalegina, lankidetza eta determinazioa dago oinarrian. Nahiz eta azkenaldian eztabaida politikoan lokatzetan sartuta ageri den euskara maizegi, datuek argi erakusten dute tolosarrek nahi dutela euskara indartzea».
Tolosan egindako aurrerapenarekin lotuta, bi zimendu aipatu ditu alkateak: «Batetik, gazte gehienek badakite euskaraz, eta askok, erosotasun handiz, gainera. Bestetik, maiz ahazten zaigun puntu bat: eskualdeak nola euskaldundu duen Tolosa. Arnasgunez inguratua egoteak nabarmen eragin du Tolosa euskalduntzen».
Datozen urteei begira tentuz zaindu beharreko alderdi batzuk ere azaleratu ditu inkestak. «Hiztun askok, urteetan aurrera egin ahala, atzera egiten dute euskarazko gaitasunean. Erdararen inertziak eragin handia du. Horregatik, euskaraz eroso bizitzeko espazioak josten jarraitu behar dugu, eta asmatu behar dugu euskara nola eraman testuinguru berrietara».
DATUAK
- Hizkuntza gaitasuna
- % 67,6 euskaraz hitz egiteko gai.
- % 28,2 euskaraz ez dute ulertzen.
- % 4,2 euskaraz ulertzeko gai.
- Euskararen erabilera esparruak
- % 60,6 udaletxea.
- % 56,8 anbulatorioa.
- % 51,2 kiroldegia.
- % 50,6 dendak.
- % 50,3 etxea.
- % 48,1 lagunak.
- % 38,5 lantokia.
- Atxikimendua
- % 82,4 Euskara sustatzeko neurrien alde.
- % 91 haur guztiek euskara ikastearen alde.
- % 83 administrazioko langileei euskara eskatzearen alde.
- % 11 euskaraz soilik biziko den Tolosaren alde.
- % 54 euskaraz gehiago egingo duen herriaren alde.
- Transmisioa
- % 50,2 euskara soilik.
- % 7 euskara eta erdara.
- % 42,9 erdara soilik.