ERREPORTAJEA

Palestinako mina, euskal doinu bihurtuta

Josu Artutxa Dorronsoro

Lur kontzertuaren une bat. 

Juantxo Zeberiok eta Maddi Oihenartek, iaz argitaratu zuten Lur diskoa aurkeztuko dute gaur, Tolosako Topic-en, 20:00etan hasita. Gazako sarraskiari ahotsa emateaz gain, edertasun ekarpen txiki bat egin nahi izan dute.

2023an, larrialdi klimatikoa artearen bidez salatzeko Eguzki Xuri proiektuan parte hartu zuten Maddi Oihenart kantari zuberotarrak eta Juantxo Zeberio piano-jotzaile tolosarrak. Elkarrekin kantu bat sortu eta grabatu zuten, World Weather Network larrialdi klimatikoari ahotsa jartzen dion arte agentzia independenteen sareak antolatuta Zestoan egindako Udako Solstizio kontzertuan aurkeztu zuten. Aurrerago, urriaren 7an, Gazako gerra hasi zen, eta azaroan, kasualitatez, kontzertu atenporal bat egin zuten elkarrekin; emanaldiko errepertorioan Palestinaren mina kantua sartu zuten. Mina, ordea, orokorra zen, ez Palestinarena bakarrik, eta kantu batez harago, proiektu serio bat egiteko gogoa zuten biek.

Kontzienteki, disko bat lantzen hasi, eta iazko azaroan argitaratu zuten Lur, hamaika kantuz osatutako lana. Gaur, Tolosako Topic museoko antzokian aurkeztuko dute; 20:00etan hasiko da emanaldia, eta diskoan kolaboratu duten Miren Zeberio musikari tolosarrak eta Angel Unzu iruindarrak parte hartuko dute, orain arteko saioetan bezala. Diskoa hobekien islatzeko zuzeneko emanaldietarako talde bat osatzea pentsatu zuten; Zeberiok, esaterako, ekialdeko ukitua ematen die kantuei ravelarekin.

 

Iazko azaroaz geroztik, ez dituzte diskoa aurkezteko kontzertu asko egin. Bi artisten arteko lankidetzaren bokazioa txikitasunetik eragitea da. «Zaila izaten ari da kontzertuak lotzea. Ikuskizun erraldoien garaian bizi gara, eta isiltasunera, kontenplaziora eta barne begiradara bideratutako proiektuentzat konplexua da bide bat egitea», azaldu du Juantxo Zeberiok. Hala ere, orain arteko saioetan harrera «oso ona» izan dutela aitortu du tolosarrak. «Ikusleen konplizitateaz eta kontzentrazioaz jabetzea gozamen hutsa da».

Hamarkadetako adiskidetasunaren emaitza

Lur ez da Zeberiok eta Oihenartek elkarrekin landu duten lehen diskoa. 2007an, Hari Biru argitaratu zuten; 2010ean, berriz, Baldi. Geroztik, bien arteko harremana «etengabea» izan da. «Laguntza eskatu izan diogu elkarri, kantu solteetarako edo proiektuetarako, eta zenbait kontzertutan elkarrekin aritu gara. Maddiren eta nire arteko harreman artistikoa adiskidetasunean oinarritzen da, eta disko oro grabatzea prozesu bat izaten da beti. Bide luzea egiten dugu, apropos».

Juantxo Zeberio: «Marabilla bat da umiltasunez lan egiten duen adiskide batekin zerbait ederra sortzeko lan egitea»

 

Hala, bi artisten arteko adiskidetasun eta lankidetza luzearen emaitza da Lur. Patxadaz egindako diskoa da; duela ia urtebete argitaratu zuten, baina aurretik bi urte igaro zituzten kantuak lantzen. «Maddik transmititzen duen kantaera eta musika nahikoa atenporala da, eta, zorionez, denboraren igarotzea oso bestelakoa da hemen eta Zuberoan; alde horretatik, ez genuen kezkarik», gaineratu du Zeberiok.

Palestinako sarraskiak piztu zuen diskoa martxan jartzearen txinparta, zoritxarrez gerrak amaierarik izan ez badu ere. Palestinako mina eta oihua euskal doinu bihurtu dute, baina Gaza boterearen karta zuriaren adibide bat besterik ez dela azaldu du tolosarrak: «Herrialde boteretsuen injustizia eta inpunitatea, genozidio bat egiteko daukaten askatasun osoa, deshumanizazioa... ez daude Palestinan bakarrik. Hango egoerak ispilu aurrean jarri gaitu, baina historian zehar etengabe gertatu diren eta gertatzen ari diren egoerak dira».

 

Zeberiok adierazi du diskoari Lur izena jartzeko hainbat arrazoi zituztela: «Batetik, lur hitzak guztia biltzen du: lurra, planeta, kontzientzia klimatikoa… Bestetik, gure lurrak, Euskal Herriak, gure geografia, gure kultura eta gure hizkuntza biltzen ditu; iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera biltzen du gure mundu txiki eta era berean handia».

Arte mundutik aldendutako artista

Maule ondoan bizi da Oihenart, Gotaine-Irabarnen. Hori dela eta, erdibidean hasi ziren elkartzen, Angeluko baserri batean; hura zen kanpamentu nagusia. «Elkarlanean aritu ginen. Batzuetan nik melodia bat ematen nion, eta berak testuak egiten zituen, edo alderantziz. Zirriborroen gainean inprobisatzen genuen, eta zenbaitetan grabatu. Oso sinplea eta erraza izan zen».

Zeberiorentzat «esperientzia bakana» izan da Palestinari buruzko disko bat Oihenartekin egitea. «Musikari eta kantari aparta da, baina ez du bere burua musikaritzat. Kantatu egiten du, hori egiten dakielako, eta kantatzeak beste edozein ogibideren balio bera izan dezakeela erakusten du». Tolosarrak nabarmendu du zuberotarraren bertute nagusia haren arrisku nagusia ere badela. «Kanturako berebiziko dohaina du. Ahotsarekin bakarrik ikaragarri transmititzen duenez, a capella eusten dio kantuari. Ia ez da beharrezkoa moldaketak egitea edo musika jartzea. Askotan, nire erronka izaten da gutxirekin kantuaren alde egitea, eta bere ahotsean indar handia duen kantu horri beste interes-puntu bat ematea».

Biek aitortu dute musikalki euren diskorik berezienetakoa dela; tolosarrarentzat beti da berezia zuberotarrarekin lan egitea. «Arte mundutik oso aldenduta dagoen artista bat da. Lurrari oso lotuta dago; guk pixka bat galdu dugun harremana du lurrarekin. Harentzat arte mundua, neurri batean, arrotza da, baina, aldi berean, artean dago; artista handi bat da. Marabilla bat da halako umiltasunarekin lan egiten duen adiskide batekin zerbait ederra sortzeko lan egitea».

Hamaika unibertso, ekarpen txiki baterako

Elkarlanean sortu zituzten kantuak, baina melodiak eta letrak sortzeko askotariko gaietatik abiatu ziren: Palestinako genozidioa, Zuberoako basoak, euskara, emakumeen aldeko borroka, planetarekiko kontzientzia ekologikoa… Zeberiok iritzi du kantu bat egiten duenak, zerbait esateko beharra duelako egiten duela. «Gauzak bere gordintasunean esan behar dira. Esateko ezer ez baduzu, ez du baliorik disko bat egiteak. Eta esan nahi duzun hori, zu zarena da».

Zeberiok argi du zein den diskoaren helburua: «Palestinako sarraskiari ahotsa ematea, eta aldi berean, hainbeste hilotz, odol eta nahigabeko mundu honetan, edertasun ekarpen txiki bat egitea. Zenbaitek dio arteak mundua aldatu dezakeela; nik ez dut uste edo iritzi bera. Gu garen hori azaltzen da kantuetan, eta hori entzuleak jasoz gero, helburua beteko genuke. Aipatutako edertasunak entzuleari zerbait goxoa piztuz gero, eta uneren batean diskoko gaiei buruzko kezka edo zalantzaren bat ukituz gero, funtzioa beteko luke lanak».

Diskoko kantu bakoitzak mundu sonoro propio bat osatzen du bere baitan. Melodia eta hitza dira kantu bakoitzaren muina. Gero, horien sonoritate egokiena topatzen saiatzen da Zeberio. «Abesti bakoitzari eman diogu eskatzen zuena; elkarren artean desberdinak dira». Tolosarrak aitortu du diskoa modu horretara egiteko «askatasun handia» izan dutela. «Zorionez, edo zoritxarrez, ez daukagu Spotifyn milioiak galtzeko arriskua, eta, ziur, horren ondorioa dela abesti bakoitzak unibertso propioa izatea, nahiz eta gero disko osoak koherentzia eduki».

Uzturre ere inspirazio-iturri

Lur diskoko kantuen artean daude arestian aipatutako Lili bat kantuaren bertsioa, Mahmud Darwish Palestinako olerkariaren letrak dituen kantu bat (Ene hitzak), Itxaro Borda idazlearen letrekin egindako kantu bat (Argia doan gisan) edo zibilizazioaren eta naturaren arteko talka deskribatzen duen abesti bat (Basotik harrobira). Horiez gain, Zuberoan oso ezaguna den Xori erresiñula kantu herrikoiaren moldaketa bat egin du Zeberiok. «Tradizioa zintzotasunez erabili behar da, baina baita beldurrik gabe ere, eta gure hizkuntzara ekarri».

 

Juantxo Zeberio: «Tradizioa zintzotasunez erabili behar da, baina baita beldurrik gabe ere, eta gure hizkuntzara ekarri»

 

Eta bada sorkuntza-prozesu bitxia duen kantu bat ere: Eskutxo biekin. Behinola, Uzturrera bidean, melodia bat sortu eta txistua joz telefono mugikorrean gorde zuen Zeberiok. Aurrerago, Juanra Madariaga idazleak galdutzat zuen aspaldiko olerki bateko letrak melodia horrekin kantatzen hasi eta elkarrentzako eginak zirela iruditu zitzaion. «Batzuetan gertatzen dira gauza magikoak; bazirudien testu hori melodia horren zain zegoela. Kantu sinplea da, baina asko gustatzen zait».

Aipatutako idazleez gain, goi mailako abeslari eta musikariek kolaboratu dute diskoan: Olaia Inziarte, Julen Axiari, Miren Narbaiza, Karlos Aranzegi, Joseba B. Lenoir, Amaiur Cajaraville… «Ez dugu kolaboraziorik bilatu diskoa errazago saltzeko asmotan. Guztiak dira hurbilekoak, guztiak dira gure ekosistemaren parte garrantzitsua, eta kantu bakoitzak eskatutakoa eman digu».

LUR DISKOA

 

Partaideak: Maddi Oihenart, ahotsa; Juantxo Zeberio, pianoa; Miren Zeberio, rabela eta biolina; Angel Unzu, gitarra eta bouzukia; Andrea Ducca, biolina; Marina Barredo, biola; Gabriel Mesada, biolontxeloa; Amaiur Cajaraville, kontrabaxua; Francesca Di Nicola, harpa; Pello Ramirez, akordeoia; Joseba B.Lenoir eta Jon Agirrezabalaga, gitarra elektrikoa; Itxaso Etxebeste, baxu elektrikoa; Karlos Aranzegi, bateria; Julen Axiari eta Malentxo Zeberio, ahotsa.

Moldaketak: Juantxo Zeberio Etxetxipia.

Grabazioa: Mattin Zeberio; Victor Sanchez (Elkar, Aduna); Kaki Arkarazo (Garate estudioa, Andoain) eta Mikel Ezeiza (MECCA, Oiartzun).

Ekoizpena: Jon Agirrezabalaga eta Juantxo Zeberio.

Nahasketak: Jon Agirrezabalaga.

Masterizazioa: Alex Ferrer.

Azala: Malmo.

Artea eta diseinua: Malmo.

Generoak: Herri kanta, folk-popa eta elektro-folka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!