Ernaik etxebizitza duinaren alde eta ultraeskuinaren aurkako jarrera agertzeko elkarretaratzea egin du Tolosako Triangulon. Bi auzi horiek kapitalismoaren ezintasunaren ondorio direla uste du gazte mugimenduak.
Kapital metaketari eusteko gero eta herritar gehiago prekarietate gorrira kondenatzen ari direla esan du Ernaik. «Etxebizitzak oinarrizko eskubidea beharko luke, eta, alderantziz, negoziorako bitarteko bihurtu dute. Funts putreak eta enpresari handiak aberastu daitezen, gu gero eta pobreagoak gara», esan dute elkarretaratzean.
Gazteen iritzian, orain arteko ereduarekin jarraitzeko eta sakoneko aldaketarik ez gertatzeko, ultraeskuina indartzen ari dira. «Ultraeskuina kapitalismoak berak sortutako arazoei ematen dion erantzun autoritarioa da, arazoaren fokua desbideratzeko eta herritarrak otzan mantentzeko».
Azken egunotan etxebizitza duinaren alde mobilizatzen ari direnen aurka PPk eta Voxek osatu duten bloke ultrak jarrera hori erakusten du, Ernairen arabera. «Manifestarien kriminalizazioa bultzatu dute. Bost axola zaizkie herritarron oinarrizko beharrizanak; haiek kapitalista handien morroi eta presa-txakurrak baino ez dira». Ultraeskuinak arazoaren jatorria pertsona migratuengan kokatu nahi izan duela gehitu dute Ernaiko kideek.
Ultraeskuinaren mehatxuak dimentsio bikoitza hartzen du Euskal Herrian, gazte antolakundearen ustez. «Gure hizkuntza eta gure askatasun nahia jazartzeko prest datoz faxistak», esan dute. Horregatik, eta gaur goizean Espainiako gobernuburuak hauteskundeak aurreratzeko erabakia iragarri ondoren, pasatzen utziko ez dietela esan dute Ernaikoek.
«Hemen badago duintasunez eta askatasunez bizi nahi duen herri bat. Ez dira pasako. Eta horretarako egin dezakegun onena Euskal Herria eraikitzen jarraitzea da. Ez da aski faxismoaren aurrean erantzutea; faxismoari alternatiba oso bat kontrajarri behar diogu. Gurean, Euskal Herriaren proiektuaren forma hartzen du. Euskal Herrian badugu aukera herritar oro duintasunez biziko den Euskal Errepublikarantz bidea egiteko. Eman dezagun urrats bat aurrera».