Julio Sotok irabazi du Tolosako saioa

Leyre Carrasco

Tolosako Usabal kiroldegian jokatu da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bosgarren saioa, eta bertsolari nafarra nagusitu da, 683 punturekin. Hala, bigarren faserako zuzeneko txartela lortu du eta azaroaren 14an Miarritzen izango den saioan kantatuko du.

Julio Sotok irabazi du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehenengo faseko bosgarren saioa, 683 punturekin. Tolosako Usabal kiroldegian jokatu da arratsaldean, harmailak eta kantxa jendez beteta zirela. Sotorekin batera beste bost bertsolari aritu dira kantuan, eta epaimahaiak honelaxe sailkatu ditu gainerakoak: Amaia Iturriotz (651 puntu), Eli Pagola (639 puntu), Aitor Servier (638 puntu), Unai Mendiburu (633 puntu), eta Oihana Bartra (632,5 puntu). Sotok gaurko saioa irabazita, bigarren faserako zuzeneko txartela lortu du, eta Miarritzen (Lapurdi) kantatuko du azaroaren 14an.

Aurreko saioetan legez, zazpikote hau arduratu da bertsoei puntuak jartzeaz gaurko saioan: Aitor Jimenez, Bakarne Urreaga, Iban Thicoipe, Jon Diaz de Mendibil, Mirari Zula, Miriam Juaristi eta Unai Muniain. Idazkari lanetan, berriz, Aratz Irazustabarrena eta Nerea Goñi aritu dira, eta gai-jartzailea Imanol Artola Felix izan da.

Azken bi saioak

42 bertsolari jardungo dira bertsotan lehendabiziko fasean, eta gaurko saioarekin, hamabi bertsolari besterik ez dira geratzen kantatzeko. Datorren asteko larunbatean eta igandean jokatuko dira azken bi saioak eta horietan nagusitzen diren bertsolariak bigarren faserako zuzeneko txartela lortuko dute; Gotaine-Irabarnen (Zuberoa) jokatuko da larunbatean, eta igandean, berriz, Agurainen (Araba). Lehenengo faseko azken bi saioak 17:00etan hasiko dira; ateak, berriz, 16:00etan irekiko dira. Sarrerak oraindik lor daitezke, www.bertsosarrerak.eus atarian. Bestela, saioen egunean bertan leihatila 15:30ean zabalduko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!