Las hijas de Felipe podcastak zabaldu du aurtengo Titirijai

Tolosaldeko Ataria

Azaroaren 21ean izango da, eta sarrerak salgai daude.

Las hijas de Felipe lanak zabalduko du aurtengo Titirijai jaialdia, Kinks Barrocos ikuskizunarekin. Garai barrokoko automatei eskainitako zuzeneko podcasta da, hain justu. Ekitaldia azaroaren 21ean, larunbata, izango da, 12:00etan, Topic zentroan, eta sarrerak salgai daude dagoeneko.

«Izaki mekanikoak, gailu ezinezkoak eta bizia hartzen dutela diruditen objektuak... bat egiten dutela dirudi, zientzia, erlijioa, ikuskizuna eta engainua eskutik doazen barrokoan barrena egindako bidaian. Historia, txutxumutxuak, bitxikeriak eta kutsu barroko nabarmena. Prest al zaude uste dugun bezain modernoak ez garela deskubritzeko?», horrela azaltzen dute euren lana egileek.

Las hijas de Felipe Ana Garrigak eta Carmen Urbitak 2020an (Podium Podcast plataforman) abiarazitako podcasta da. Bertan, garai barrokoaren bazter ahaztuak arakatzen dituzte, betiere premisa honetan oinarrituta: «orain gertatzen zaizun guztia XVI. eta XVII. mendeetan norbaiti gertatu zitzaion jada».

Podcastak jarraitzaile ugari ditu, eskaintzen dituen historia-arloko txutxumutxu, drama barroko eta bizitza ahaztuei buruzko istorioei esker; horietan guztietan, mojak, deabruak, iruzurrak, alkimia, antzinako errezetak eta urrea dira protagonista. Espazio horretan, XVI. eta XVII. mendeetako bazterrik urrunenak eta gaur egungo alderdirik ezkutuenak elkartzen dira anakronismo estrategiko baten bidez; horren helburua, zorte pixka batekin, ustekabeko hausnarketak eta loturak piztea da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!