Munduko zaporeak Alondegi plazan

Tolosaldeko Ataria

Hamahiru herrialdeko jakiak eta edariak dastatu ahal izan dira Zutani elkarteak antolatutako PintxoTour ekimenean.

Hainbat herrialdetako jaki eta edariak probatu ahal izan dituzte tolosarrek Alondegi plazan, 11 herrialde 11 zapore lelopean egindako PintxoTour ekimenean. Zutani elkartasun eta giza laguntzarako irabazi asmorik gabeko elkarteak hamaikagarren edizioa antolatu du aurten.

Bost euroren truke hainbat kulturatako pintxoak dastatzeko aukera izan dute herritarrek: Aljeria, Brasil, Ekuador, Ekuatore Ginea, Euskal Herria, Honduras, Kolonbia, Maroko, Palestina, Panama, Peru , Sahara eta Venezuela. Postuetan pintxoen errezetak eta osagaien zerrendak ere izan dira eskura.

Sentsibilizazio jardueren barruan antolatu du Zutani elkarteak PintxoTour ekimena. Aniztasuna ikusarazi nahi izan dute eta beste hainbat herrialdetako kultura eta gastronomia gerturatu. Aniztasunak eta elkar ezagutzeak gizarteratze prozesuetan aurrerapausoa ematen laguntzen duela uste dute elkarteko kideek.

Ekimen solidarioa da eta ekarpen ekonomikoak ere garrantzia du. Gaur PintxoTour ekimenean bildu den dirua, inguruan bizi diren 150 haurrentzako elikagai osasuntsuak erosteko baliatuko dute. Izan ere, Zutani elkarteak sentsibilizazio ekimenak egitearekin batera, elikagai eta beste hainbat produkturen banaketa egiten du, eta baita formazioa eskaini ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!