Zientziaren ikuspuntutik aztertuko dute Tolosako azoka

Tolosaldeko Ataria

Iturria: Tolosako Azoka

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Tolosako Udalak ‘Zientzia azokan’ dibulgazio ekimena jarri dute martxan, merkatuko ohiko produktuen atzean dagoen zientzia kontsumitzaile eta erosleei hurbiltzeko.

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Tolosako Udalak Zientzia larunbateroko azokan dibulgazio ekimena jarri dute martxan. Egitasmoak erakusketa ibiltari bat, hitzaldiak eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako lehiaketa eta tailer bat biltzen ditu.

Ekimeneko antolatzaileek diote azokako produktu askoren atzean zientzia ere badagoela, eta ezagutza hori herritarrengana gerturatzeko asmoz antolatu dutela. Jarduerak urriaren 5etik 19ra izango dira herriko hainbat gunetan, hala nola, Trianguloa plazan, Zerkausian eta Topic zentroan.

Merkatuko zientzia, zazpi infografia handitan

Ekimenak irauten duen bitartean Zientzia azokan erakusketa ibiltaria egongo da Trianguloa plazan. Zazpi infografiak osatzen dute erakusketa, euskaraz eta gaztelaniaz daude eginda eta formatu handikoak dira. Gure merkatuetan ohikoak diren produktuen atzean dagoen zientzia erakustea dute helburu.

Kaleko erakusketak elikagai horiekin lotutako hainbat gai zientifikoko jorratzen ditu, eta ezagutza hori herritarrengana hurbiltzea du helburu. Infografiak paneletan dauden QR kodeen bidez eta katedra.eus webgunearen bitartez ere deskargatu ahal izango dira. Eduki horietan oinarrituta, lehiaketa bat ere antolatuko da Tolosako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduta. 

Gainera, Zerkausian larunbatero egoten diren postu batzuetako ekoizleek erakusketaren edukiak jasotzen dituzten diptikoak banatuko dizkiete merkatuan erosketak egitera datozenei.

Piperraren, babarrunaren eta gaztaren zientziari buruzko hiru hitzaldi

Era berean, urriaren 6tik 8ra, Topic zentroan hiru hitzaldi izango dira, lurraldearekin lotura estua duten produktuen inguruko hainbat ikerketa herritarrengana hurbiltzeko. Besteak beste, Ibarrako piperra, Gernikako piperra, Tolosako babarruna eta Idiazabal gazta izango dituzte hizpide. 

Hitzaldiak agrobiologiaren, botanikaren eta gastronomia-zientzien arloko profesionalek emango dituzte.

Urriaren 6an, asteartean, Mikel Ojinaga (NEIKER) ingurumen-agrobiologoak emango dio hasiera hitzaldi-zikloari. Ojinagak piperraren etsai nagusiei buruz hitz egingo du: lurreko onddoei eta birusei buruz.

Hurrengo egunean, urriaren 7an, asteazkena, Shuyana Deba (Leartiker) gastrozientzialariaren txanda izango da. Hitzaldian planteatuko du ea belaunaldiz belaunaldi gure mahaietan presente dagoen babarruna elikagai tradizionala ote den edo, aitzitik, etorkizunean funtsezko elikagai bihurtzeko ahalmena ote duen. 

Hitzaldi-zikloa urriaren 8an, ostegunean, amaituko da Arantza Aldezabal (EHU) biologoaren eskutik. Saioan, larre eta belardien zaintzaren eta kalitatezko gaztaren artean dagoen lotura azalduko du.

Hiru hitzaldiak 19:00etan hasiko dira, sarrera librea izango da aretoa bete arte, eta euskaraz izango dira. Bertaratu ezin direnek hitzaldiak streaming bidez jarraitu ahal izango dituzte Katedratik kanalean, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren TikTok kanalean, hain zuzen.

Gazta nola egiten den ikusteko tailerra  haurrentzat

Programazioak urriaren 15ean, ostegunean, jarraituko du. 17:30ean, Idiazabalgo Aranburu Gaztandengiko Olatz Aranburu ingeniari agronomoak Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzako tailerra emango du kultur etxean. Tailerra Tolosako Gazte Topagunearekin batera antolatuko dute. Olatz Aranburuk gazta egiteko prozesuaren lehen urratsak azalduko ditu eta gazta egiten hasiko da gaztetxoekin batera. Tailerrean parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da Tolosako Gazte Topagunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!