Inauteriak 27

Inauterietako aurre lanketak, abian

Tolosaldeko Ataria

Otsailaren 4an, Ostegun Gizen, hasiko diren inauterietarako bi egitasmo abiarazi ditu Tolosako Udalak: batetik, jaiak iragartzeko kartel lehiaketa eta, bestetik, inauterietako Zaldunita eguneko kontzertua aukeratzeko bozketa.

Otsailaren 4tik 9ra ospatuko dira Tolosako inauteriak, eta udala jada hasi da guztia antolatzen; jaiak iragartzeko kartel lehiaketa eta Zaldunita eguneko kontzertua aukeratzeko bozketa irekiko ditu astelehenean.

 

Kartel lehiaketa

Urriaren 5ean irekiko dute 2027ko Tolosako inauteriak iragarriko dituen kartel lehiaketan parte hartzeko deialdia. Lehiaketa irekia izango da, eta interesa duen edonork aurkeztu ahal izango du proposamena. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru lan aurkeztu ahal izango ditu.

Kartelak aurkezteko epea urriaren 5etik 23ra egongo da zabalik. Kartelak fitxategi digital batean aurkeztu beharko dira udalaren webgunean jarriko duten galdetegi baten bitartez. Kartelaren izenburu edo leloa izango da fitxategiaren izena. Automatikoki, kartel bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio, eta zenbaki hori izango da epaimahairentzako identifikatzailea, sortzaileen anonimotasuna bermatzeko.

2027ko kartel lehiaketara aurkeztutako lanek zenbait baldintza bete beharko dituzte: formatu bertikalean aurkeztu beharko dira, 50 x 70 zentimetroko tamainan, eta gutxienez 300 ppp-ko erresoluzioa izan beharko dute. Kolorea eta erabilitako teknika libreak izango dira, eta lana formatu digitalean aurkeztu beharko da, irudi bektorialeko fitxategi batean. Kartel guztietan nahitaez agertu beharko da Inauteriak 2027, otsailak 4-9 | TOLOSA testua, eta erabilitako tamainak eta tipografiak irakurketa erraztu beharko dute.

Halaber, aurkeztutako lanek originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, bai ideiari, bai edukiari dagokienez. Debekatuta dago kartelaren sorkuntza-prozesuan adimen artifizialeko tresnak erabiltzea, eta baldintza hori betetzen ez duten lanak lehiaketatik kanporatu ahal izango dira. Lehiaketako lanak hautatzeko orduan, bereziki hartuko da kontuan irudiek eta edukiek aniztasunaren eta berdintasunaren ikuspegitik duten tratamendua. Erabilitako irudiek oreka bilatu beharko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta ezingo dituzte modu gutxiesgarrian edo diskriminatzailean irudikatu sexuaren, arrazaren, adinaren, kulturaren edo sexu-orientazioaren araberako desberdintasunak. Era berean, kartelaren edukiak ezingo du alkoholaren edo drogen kontsumoarekin lotutako mezurik, irudirik edo bestelako elementurik jaso.

Lehiaketako irabazleak, hautatua izan ondoren, bere proposamena bereizmen handiko formatuan aurkeztu beharko du, aurreikusitako hedapen eta erabilera guztietarako beharrezko kalitate teknikoa bermatzeko.

Kartel irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du. Era berean, informazio gehiago nahi duenak 943 67 03 83 telefono zenbakira deitu edo festak@tolosa.eus helbide elektronikora idatzi dezake; kultur etxera ere jo dezake arreta ordutegian.


Zaldunita eguneko kontzertua

Iaz bezala, udalak bozketa jarri du abian, tolosarrek erabaki dezaten zein taldek emango duen datorren urteko inauterietako kontzertua. Ekimena Tolosan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztiei zuzenduta dago, eta Erabaki plataforma digitalaren bidez parte hartu ahal izango dute. Pertsona bakoitzak behin bozkatu ahal izango du eta talde bakarrari eman ahal izango dio babesa. Ekimen honen bitartez, udalak herritarrek erabakitzeko duten ahalmena areagotu nahi du, eta tolosarrei hitza eman nahi die inauterietako ekitaldietako baten aukeraketan.

Bozketa urriaren 5etik 19ra arte izango da zabalik, erabaki.tolosa.eus parte-hartze plataforman eta, aurrez aurre, kultur etxean. Bozkatu ahal izateko, Erabaki plataforman izena eman beharko da, eta proposatutako sei taldeen artetik bakarra aukeratu. Aurrez aurre bozkatzeko, urriaren 5etik 19ra, astelehenetik ostiralera, honako ordutegi honetan bozkatu ahal izango da kultur etxean: 10:00-13:00 eta 16:00-20:00. 

Azken hilabeteotan talde ugarirekin jarri da harremanetan udala, eta Zaldunita egunean jotzeko prest daudenen artean egingo da bozketa. Disko grabaketak, emanaldietarako etenak edo data horietan jo ahal izateko ezintasunak medio, beste talde batzuen proposamenek ez dute aurrera egin. Udalak aurkeztutako proposamenak honako hauek dira: Su ta Gar, Akerbeltz, Txapela Brava, Los Zopilotes Txirriaos, Merina Gris eta Aimarz. Horietatik bakarra aukeratu ahal izango dute herritarrek. Udalak bozketa amaitu eta hurrengo astean jakinaraziko du zer talde hautatu duten herritarrek. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!