Gizakiak naturarekiko duen harremana, erakusketa batean

Tolosaldeko Ataria

'Banaezinak. Natura eta gizakia: historia partekatu bat' erakusketa ikus daiteke Aranburu jauregian. Aranzadi Zientzia Elkartearen erakusketa bat da, eta gizakiak naturarekin duen harreman historikoa du ardatz.

Banaezinak. Natura eta gizakia: historia partekatu bat erakusketa urriaren 30era arte egongo da zabalik Aranburu jauregian, asteartetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara. Gizakiak Historiaurretik gaur egunera arte naturari lotuta egin duen ibilbideari buruzko hausnarketa dela esan du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Erakusketaren helburuen artean honako hauek daudela gaineratu du: «Gure ikertzaileen lan zientifikoari balioa ematea, Gipuzkoako natura- eta kultura-ondare aberatsaren bitxikeriak zein balioak nabarmentzea, eta fokua zientzian jartzea garapenaren funtsezko elementu gisa». Gainera, material zientifiko ugari bildu dute, eta material etnografikoa ere badago ikusgai: adibidez, Mutrikuko leize batean berreskuratutako bisonte-garezur baten erreplika, mikroskopioak, historiaurreko aizkora bat edo Aranzadi Zientzia Elkartearen Etnografia eta Ondare Bildumako bestelako pieza etnografiko batzuk.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!