Tolosan lehen eta bigarren mailako auzoak daudela esan du Berazubi auzo elkarteak

Tolosaldeko Ataria

Berazubi auzo elkarteko kideak, jaiak aurkezten.

Urriaren 3tik 12ra jaiak ospatuko dituzte Berazubin. Diru laguntzen ordainketetan «atzerapen eta traba administratiboak» daudela salatu dute.

Berazubi auzoan guztia prest dute jai giroan murgiltzeko. Txupinazoa ostiralean, hilaren 9an botako duten arren, larunbat honetan bertan hasiko dira auzoko jaiak, eta hilaren 12ra arte ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu dute.

Futbol txapelketa izango da larunbat goizean, eta eguerdian jokatuko dituzte finalak. Garagardo azokako bazkaria egingo dute ondoren. Bertarako sarrerak agortuta daudela jakinarazi dute auzo elkartekoek. Arratsaldea girotzeko 80-90. hamarkadako musika jarriko dute.

Hurrengo egunean, Tolosaldeko artisauen azoka jarriko dute Martin Jose Iraola kalean. Joan den urtean ere egin zuten, eta harrera ona izan zuela ikusita berriro antolatu dute aurten. Kalea trafikoari itxita egongo da azokak irauten duen bitartean. Dantza tailerrak izango dira goizean eta arratsaldean eguna osatzeko.

Hiru eguneko atsedenaren ostean, ostegunean jarraituko dute festek. Egun horretan kroketa lehiaketa egingo dute. Txupinazoa ostiralean, hilaren 9an, botako dute Belen Suarez eta Maritxu Astiasaran auzotarrek. Hain justu, urte asko daramatzate auzoko jarduerak antolatzen laguntzen, eta horregatik omenaldi txiki bat merezi dutela erabaki du auzo elkarteak.

Bigarren asteburua oso betea izango da. Nabarmentzeko ekitaldien artean, Europako txapel jaurtiketa, danborrada, zezentxoen entzierro txikia auzoko kaleetan eta su artifizialak. Astelehenean amaituko dira festak. Egun horretan paella txapelketa eta paella bazkaria izango da. Arratsaldean, berriz tortilla erraldoia egingo dute eta arratoiaren erretzearekin esango diete agur jaiei.

Udalarekin desadostasunak 

Jaiak aurkeztearekin batera, Tolosako Udalarekin dituzten desadostasunak eta ezinegona azaleratu dituzte auzoko kideek. Batetik, diru laguntzen ordainketetan justifikaziorik gabeko atzerapenak eta traba administratiboak jasaten dituztela esan dute. «2026 urteko urriaren 1ean, 2025eko zati bat ordaintzeko dute oraindik, % 25a, hain justu, eta ondorioz, antolatzen ditugun jardueren fakturak ezin izan ditugu ordaindu, eta gure poltsikoetatik dirua jarri behar izan dugu gauza batzuk ordaintzeko».

Berazubiko auzo elkartearen ustez, «oztopo horiek guztiak auzoa eta herria dinamizatu nahi duten bizilagunak desmoralizatzeko dira, jarduerak antolatzeari utz diezaioten, eta, horrela, politikariak beren lanpostuetan erosoago bizi daitezen. Hau guztia gure zergetatik ateratzen den soldatak kobratuz».

Bestalde, urteko kontuak hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztu beharra ere aipatu dute. «Faktura guztiak legearen araberakoak izatera behartzen digu eta horietako bakoitzak ordainagiria erantsita eramatera. Faktura horiek hurrengo urtean ordaintzen dira, eta udalak orain esan digunez, ezin ditugu aurkeztu urte honetan, aurreko ekitaldikoak direlako. Noiz aurkeztuko ditugu udalak 2026ko urriaren 1ean oraindik 2025ekoa ordaindu ez badigu?».

Berazubiko auzotarrek «lehen eta bigarren mailako auzoak eta elkarteak» daude uste dute, eta hainbat adibide jarri dituzte mahai gainean: «Hainbat elkarteri uzten zaizkie lokalak, eta horietako batzuei gastuak (argia, ura, gasa, telefonoa, aseguruak, garbiketa, etab.) ordaintzen zaizkie, eta beste batzuei, gu tartean, ez zaie gasturik ordaintzen».

Diru laguntzak ematerakoan, azaldu dute batzuek gehienezko gastu-muga bat dutela eta beste batzuek ez: «gastatzen duzuna gastatzen duzula, gehienezko diru-muga bat duzu, eta batzuek muga horren % 70 edo 75 kobratzen dute. Auzoen eta elkarteen artean desberdintasunak eta kategoriak sortzen dira horrela».

Berazubi auzo elkarteak 100-150 pertsona inguru mugitzen dituela bere lokalean antolatzen diren ikastaro eta jardueretan (Yoga, Thai Chi, Meditazioa, Dantzak, etab.) esan dute. Horiek nahiz urtean zehar antolatzen dituzten gainerako ekitaldiekin, jaiak tartean, gutxi gorabehera 52.000 eta 60.000 euro arteko arteko aurrekontua dute urtean. «11.500 euroko diru laguntza jasotzen dugu,  aurrekontuaren % 28,75, beste batzuek % 70-75 jasotzen duten bitartean. Horrela hobeto ulertzen da zergatik diogun lehen mailako, bigarren mailako eta baita hirugarren mailako auzoak daudela».

Aurreko udal hauteskundeen aurretik egungo udal gobernuak hainbat konpromiso hartu zituela gogoratu du auzo elkarteak. «Hitz onak ziren, baina ez dira bete.  Legealdi honetan behin bakarrik bildu da alkatea Berazubiko auzo elkartearekin. Hauteskundeak datoz laster. Berriro etorriko al dira auzora botoa eskatzera?».

 

EGITARAUA

  • URRIAK 3
    • 10:00. 3x3 futbol txapelketa.13:00. Futbol txapelketako finalak, plazan.14:30. Zerbeza azokako bazkaria.Ondoren. Zozketak eta musika.19:30. Arratsaldeko giroa 80-90 musikarekin Izaskun Kearen eskutik.
  • URRIAK 4
    • 10:00-14:00. Artisau azoka Martin Jose Iraola kalean. 11:30. Dantza afrikarren tailerra eta erakustaldia plazan. 18:00. Saltsa eta bachata tailerra plazan. Ondoren. Berazubisalsa.
  • URRIAK 8
    • 19:00. Etxeko kroketa lehiaketa plazan, (bertan frijituko dira).
  • URRIAK 9
    • 18:00. Txupinazoa Belen Suarez eta Maritxu Astiasaranen eskutik, auzoko ekintzen laguntzaile beteranenak.18:15. Buruhandiak auzoko kaleetan.19:30. Tolosako musika bandaren emanaldia plazan.20:30. Zerbeza dastaketa pintxoekin plazan. 22:30. Karaokea.
  • URRIAK 10
    • 10:30. Xake Txapelketa plazan.12:00. VII. Europako Txapel jaurtiketa.16:00. Haurrentzako eskulanak Elkano plazan. 16:30. Altxorraren bila Elkano plazan.18:30. Danborrada auzoko kaleetan Laskotxarangarekin.20:00. PRrincesa orkestraren lehen emanaldia.21:30. Danborradako partaideen afaria Berazubi kalean). 23:00. Princesa orkestraren emanaldia.
  • URRIAK 11
    • 09:15. Diana auzoko kaleetan Tolosako Udal Txistulari bandaren eskutik. 12:00. Udaberri dantza taldearen emanaldia. 14:30. Bazkaria Euskal Parrillaren eskutik.  16:00. Mus txapelketa plazan. 16:30. Entzierro txikia auzoko kaleetan. 17:00. Zezentxoak zezen plazan Peña Frascueloren laguntzarekin 8-16 urteko gazteentzat. 19:00. Txokolatada plazan.19:00. Bruno eta Lorenarekin runba– arratsaldea. 21:30. Afaria Berazubi kalean.23:00. Su artifizialak Berazubi pirotekniaren eskutik. Ondoren. Alaiki taldearen lehen emanaldia.
  • URRIAK 12
    • 11:00. Emakumezko eta gizonezkoen toka plazan. 14:30. Paella txapelketa plazan. 14:30. Bazkaria. 17:30. DJ Xaibor plazan, umeentzako disko-festa. 18:30. Patata tortilla erraldoia plazan.19:30. Numen dantza akademiaren emanaldia. Ondoren. Arratoiaren erretzea eta festa amaierako txupinazoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!