Hamahiru jatorritako jakiak dastatzeko aukera larunbatean

Tolosaldeko Ataria

Iazko PintxoTour ekimenaren une bat, Alondegi plazan. JOSU ARTUTXA DORRONSORO

Larunbatean egingo dute Tolosako Alondegi plazan PintxoTour ekimena. Hainbat lurraldetako herritarrek postuak jarriko dituzte euren jatorriko jakiak eta edariak eskaintzeko.

Hamaika lurralde ezberdinetako herritarrak bizi dira Tolosan, eta horien jatorrietako gastronomiaz gozatu ahalko da larunbatean, urriaren 2an. 11 herrialde 11 zapore lelopean egingo dute Tolosan PintxoTour ekimenaren 11. edizioa, eta 12:00etatik 14:00etara hainbat herrialdetako jakiak zein edariak probatu ahal izango dituzte herritarrek Alondegi plazan. Beste urte batez Zutani elkartasun eta giza laguntzarako irabazi asmorik gabeko elkarteak antolatu du, eta bertaratzen direnek bost euroren truke jatorri eta kultura ezberdinetako pintxoak dastatzeko aukera izango dute.

Aurtengo azokan, guztira, hamahiru herrialde izango dira, hain zuzen, Aljeria, Brasil, Ekuador, Ekuatore Ginea, Euskal Herria, Honduras, Kolonbia, Maroko, Palestina, Panama, Peru, Sahara eta Venezuela. Eta postu bakoitzean jatekoa zein edatekoa egoteaz gain, pintxoen errezetak eta osagaien zerrendak ere izango dituzte eskura interesa dutenek.

Elkartasuna helburu

Zutani elkartearen erronka nagusia Tolosako hainbat familiak eta pertsonak pairatzen duten «pobrezia eta bazterketa egoerari» aurre egitea da: «Helburu hori lortzeko, ziur gaude ezinbestekoa dela gizarteratze prozesua. Hori abiapuntutzat hartuta, hiru lan lerro jorratzen ditu elkarteak: batetik, elikagaien eta beste produktu batzuen banaketa —jantziak, etxeko arropa, haurrentzako kotxeak...—; bestetik, informazioa eta formazioa, horien adibide dira, esate baterako, josten ikasteko eskolak, sukaldaritza osasuntsu ikastaroa, elikagaiak manipulatzeko ziurtagiria, eta baratza—; eta, azkenik, sentsibilizazio ekimenak eta kanpainak, besteak beste, Migranteen Nazioarteko eguna, Boluntarioen Azoka eta askotariko hitzaldiak ikastetxeetan».

Hain zuzen, sentsibilizazio jardueren barruan antolatzen dute PintxoTour ekimena, eta helburu du herritarrei inguruan duten «aniztasuna ikusaraztea, hori aintzat hartzea eta haiekiko solidarioak izatea» sustatzea: «Hamaikagarren urteurrena bete duen PintxoTour egitasmoaren bidez, pintxoa aitzakia gisa erabilita, beste herrialde batzuetako gastronomia -eta, beraz, kultura- gurera ekarri nahi dugu». 

Ezagutze hutsetik harago, ordea, beste herrialdeetako kultura «gure artean kokatu» nahi dute, alboan bizi diren jatorri desberdinetako familiak ikusarazteko, haien kulturaren berri izateko eta elkar ezagutzeko: «Izan ere, aniztasunak egiten gaitu aberats, eta elkar ezagutzea da gizarteratze prozesuan aurrerapausoak emateko ezinbesteko bidea».

Lanketa zabala

Antolatzaileek azaldu dutenez, kontzientziatzeko helburuez harago, baina, xede ekonomikoa ere badu egitasmoak: «Ekimena solidarioa da, herritarren ekarpenak garrantzi handia duelako. Gero eta familia gehiago daude laguntza jasotzeko beharrean, eta erakundeetatik eskuratzen dugun diru kopurua ez da nahikoa izaten; guztion ekarpena ezinbestekoa da gizarte kohesioa lortzeko». Eta, hari berari tiraka, antolakuntzatik gaineratu dute PintxoTour ekimenean biltzen duten dirua, besteak beste, inguruan bizi diren 150 haurrentzat elikagai osasuntsuak erosteko baliatuko dutela.

Zentzu horretan, herritar guztiak gonbidatu dituzte larunbatean 12:00etatik 14:00etara Alondegi plazara bertaratzera, goiz «aberasgarri bezain atsegina» igarotzera eta jatorri ezberdinetako janariaz gozatzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!