Zabalik da Tolosako Herri Krosean izena emateko aukera

Tolosaldeko Ataria

Urriaren 12an egingo dute lasterketa, eta urriaren 9a arte eman ahalko da izena, Kronoak webgunean.

San Esteban auzoko Ttonttor Auzokide Kultur Elkarteak Tolosako Herri Krosa antolatu du, beste behin. Hogeita zortzigarren edizioa izango da aurtengoa eta, ohi bezala, urriaren 12an egingo dute, auzoko kultur astearen barruan. Iaz bezala, aurten ere bi lasterketa izango dira, aldi berean: 5 kilometrokoa –bira bat– eta 10 kilometrokoa –bi bira–.

Antolatzaileen ustetan formatu hau «erakargarriagoa» da parte hartzaileentzat, «horrela 10 kilometro egitera ausartzen ez diren korrikalariei lasterketa herrikoi polit eta erraz batez gozatzeko aukera ematen baitzaie. Era berean, aukera ematen zaie gehien entrenatutako korrikalariei bi lasterketetako edozeinetan erreferentzia-marka bat egiteko».

11:00etan hasiko da krosa, eta bi probatako batean parte hartu nahi duenak Kronoak.com webgunean eman behar du izena; 13 euro ordaindu behar da. Urriaren 10ean eta 11n, 11:00etatik 20:00etara bitarte jaso ahal izango dira dortsalak, Ttonttor Elkartearen lokalean (Ferialekuan).

Helduen lasterketaren ostean, haurren txanda izango da; Txiki Krosa. Urtero bezala, izena ematerakoan, Saharako kanpamentuetarako umeei bidaltzeko eskola materiala entregatu beharko da. Aurten, txikien dortsalak ere aurretik jasotzeko aukera izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!