Beotibar zesta punta eskolak 75 urte egin ditu

Leyre Carrasco

Urteurrena ospatzeko, larunbatean buruz buruko txapelketa finalak jokatu dituzte, eta ondoren, bazkaria egingo dute.

Beotibar zesta punta eskolak 75 urte betetzen ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko festa antolatu dute larunbaterako. Hain justu, maiatzean abiatu zuten 16 urtetik gorako buruz buruko txapelketa, eta urria bitarte, astebururo, Tolosan eta Gipuzkoako hainbat herritan jokatu dituzte partidak. Bada, larunbatean, final handiak izango dituzte jokoan, 10:30ean hasita, Beotibar pilotalekuan.

Txapelketa «berezia» izan dela dio Ixiar Arana Beotibar kirol klubeko idazkariak eta gurasoak: «Alde batetik, Tolosako Beotibar pilotalekua Bizkaia aldean edo inguruan dauden frontoiak baino txikiagoa delako, eta horregatik, banaka jolasteko egokia da; eta bestetik, txapelketa guztia hirunaka izan delako, hau da, partidak hiru jokalariren arten jokatu dituzte, bata bestearen aurka».

Hala, final handian sei pilotari izango dira. Mutiletan ariko dira Bixente Gonzalez, Gaizka Garat eta Orkatz Uribesalgo, eta nesketan, berriz, Helena Barrenetxea, Elaia Gojenona eta Maialen Aldazabal.

Tolosan ez ezik, Soraluzen, Oiartzunen, Elgetan, Urnietan eta Urretxun ere jokatu dituzte partidak, eta herri guztietan «harrera oso ona» izan dutela nabarmendu du Aranak. Era berean, zestarako ohitura herri guztietan ez egon arren, afizioa badagoela nabarmendu du eta parte-hartzaile kopuruarekin pozik agertu da: «Pilotari gipuzkoarrak ez ezik, iparraldekoak, nafarrak, bizkaitarrak eta gasteiztarrak ere izan ditugu, eta jokalari guztiak oso gustura aritu dira».

Bazkaria eta liburua

Eguna borobiltzeko, bazkaria egingo dute Zerkausian. Txapelketan parte hartu dutenez gain, gonbita eskolako kide diren eta izan direnei ere zabaldu zaiela jakinarazi du Aranak. Bazkarira joateko interesa dutenek eskolak sare sozialetan zabaldu duen loturan eman beharko dute izena.

Egunean bertan, gainera, pilotari izandako Pakito Lujanbiok idatzitako Beotibar zesta punta eskola liburua aurkeztu eta banatuko da. «Pakitok maitasun handiz bildu ditu sorrerako istorioak, eta bitxikeria asko kontatu ditu». Horrekin batera, 75. urteurrena nabarmentzen duten kamisetak ere egin dituzte eta dagoeneko eskura daude sare sozialetan zabaldu duten estekaren bitartez.

Izen-ematea

Gaur egun adin ezberdinetako 40 partaide inguru daude Beotibar zesta punta eskolan, 7 urtetik, aurrebenjaminetatik hasita nagusiak bitarte. Eskolan izena eman nahi dutenek edo probatzera bertaratu nahi dutenek horretarako aukera dutela jakinarazi du Aranak. Entrenamenduak Beotibar pilotalekuan egiten dituzte; astearteetan 19:00etatik aurrera, eta ostegunetan arratsalde guztian zehar izaten dira bertan. Probatzera joan nahi dutenek aurretik beotibarzestapunta@gmail.com helbidera idatzi beharko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!