Tolosako Udalak Usabal kiroldegiko instalazioen energia eraginkortasuna hobetzeko lanak egin ditu, energia berriztagarrien erabilera handitzeko eta erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko helburuarekin. Lanen berri gaur goizean eman dute prentsaurrekoan, Usabal kiroldegian, Andu Martinez De Rituerto Tolosako alkateak eta Amaiur Mikeo udaleko ingeniari tekniko elektrikoak.
Orain arte, instalazioen berokuntzarako gas naturaleko bi galdara erabiltzen ziren; klimatizazioa, ur bero sanitarioa eta igerilekuetarako. Sistemak udan, 575 kWko galdara txiki bat eta neguan 1.400 kWko galdara handiago bat erabiltzen zituen. Udalaren arabera, instalazio zaharrak ez zuen ahalbidetzen hotza eta beroa behar bezala kudeatzea, eta horrek eraginkortasuna mugatzen zuen.
Sistema berriaren ardatzetako bat biomasa-galdarak dira. Udalak azaldu duenez, galdarek beroa tenperatura altuetan ekoizteko gaitasuna dute eta pelletarekin funtzionatzen dute. Urtean 200 tona pellet inguru erabiltzea aurreikusten da, eta horrekin 1.000.000 kWh energia berriztagarri inguru sortzea. Aerotermia bero-ponpek, bestalde, ur beroa tenperatura ertainean ekoitziko dute. Udalaren esanetan, hotza eta beroa aldi berean sortzeko gaitasuna dutenez, eta urteko egun askotan bien beharra izaten denez, ohi baino efizientzia handiagoa lortuko da; «gainera, horien ekoizpena uztartzeko eta optimizatzeko, ur deposituen estratifikazio sistema berria jarri da».
Lanen artean, ur bero sanitarioa ekoizteko bero-trukagailu bat eta igerilekuetako airearen tratamendurako hiru makina ere jarri dituzte. Aurrekontua 3.042.228 eurokoa izan da. Horietatik 2.349.521,19 euro beroa ekoizteko sistema berria ezartzera bideratu dira. Hor sartzen dira biomasa-galdarak, aerotermia bero-ponpak, estratifikazio-sistema eta bero-trukagailuak. Udaletik azaldu dutenez, NEXT Generation funtsetatik 867.787,20 euroko diru laguntza jaso da. Igerilekuaren klimatizazioari lotutako lanek, berriz, 692.706,84 euroko aurrekontua izan dute.
Udalak emandako datuen arabera, 2025ean Usabal kiroldegiak 3 GWh gas natural kontsumitu zuen. Udalaren kontsumo energetiko osoaren %37,5. Aldaketa hauekin, kontsumo hori «ia guztiz berriztagarria» izatea da helburua: «1 GWh biomasa bidez eta beste 2 GWh aerotermiek emango lukete».
Neurri horien bidez, Tolosako Udalak Euskadiko Jasangarritasun Legeak ezartzen duen energia berriztagarrien %32ko helburua lortu nahi du. Era berean, instalazioaren segurtasuna handitzea eta etorkizunean fotovoltaikoarekin eta bero-ponpa elektrifikazioarekin energia eraginkortasuna areagotzeko aukera prestatzea ere aurreikusten du udalak.