Foru Aldundiak jakinarazi du urriaren 13tik aurrera BU08 autobus lineak (Donostia-Tolosa zuzenean) astelehenetik ostiralera 22:10ean zerbitzu berria izango duela, Donostiako Askatasunaren hiribidetik abiatuta. Azahara Dominguez diputatuak gogorarazi duenez, zerbitzu berri horrek «lanetik berandu ateratzen diren langile askoren beharrei erantzungo die; izan ere, aurrerantzean, etxera itzultzeko zuzeneko garraio publikoko zerbitzu bat bermatuta izango dute».
Diputatuak azaldu duenez, zerbitzuaren hobekuntza horrek Matia Fundazioko emakume langileen talde batek egindako eskaerari erantzuten dio. Emakume horiek diputatuarekin jarri ziren harremanetan ezin zutelako lana bukatu ondoren garraio publikoan etxera itzuli; batetik, autobusa denbora luzez itxaron behar zutelako, eta, bestetik, eskaintzen zen zerbitzua zuzena ez zelako. «Erabiltzaileei entzutea funtsezkoa da eskaintzen dugun zerbitzua hobetuko duten erabakiak hartu ahal izateko, eta hau horren adibide garbia da», adierazi du diputatuak. Horrez gain, honakoa gaineratu du: «Garraio publikoak pertsonen benetako beharrei erantzun behar die, baita beranduago lan egiten dutenen beharrei ere; izan ere, horrela, inork ez du lan-aukera bati uko egin beharko etxera itzultzeko garraio publikoko alternatibarik ez izateagatik edo beste pertsona baten mende egon behar izateagatik».
Diputatuak Gipuzkoan eskaintzen den garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko erakutsitako jarrera eraikitzailea eskertu nahi izan die Matia Fundazioko Mari Jose Rivas, Patricia Pineda eta Belkis Orozco langileei haiekin bildu ondoren. «Asko hitz egiten dugu zaintzen gaituztenak zaintzearen garrantziaz, eta honelako neurriek hori errealitate bihurtzea ahalbidetzen dute. Izan ere, ez gara soilik mugikortasuna errazteaz ari; atseden hartzeko eskubideaz eta familia eta lana uztartzea ahalbidetzeaz ere ari gara. Zerbitzu berri honi esker, emakume horiek eta gaueko hamarretan lanetik ateratzen diren pertsona guztiek denbora gutxiago emango dute autobusari itxaroten eta lehenago iritsiko dira etxera, beren bizitza garatzen jarraitu ahal izateko. Eta hori guztia etxera itzultzeko garraio publikoko aukera eroso eta eskuragarri bati esker».
Matia Fundazioko langileek diputatuak haiengana hurbiltzeko erakutsitako «jarrera, adeitasuna eta gizatasuna» eskertu dituzte.