Ikasketa amaieran Tolosari edo Tolosaldeari buruzko lanak egiteko bekak emango dituzte

Josu Artutxa Dorronsoro

Garikoitz Goikoetxea Tolosako Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zerbitzuburua eta Andu Martinez de Rituerto alkatea, gaurko aurkezpenean.

Tolosako Udalak lehen aldiz jarri du martxan beka-deialdia eta gradu eta master amaierako lanek eta goi-mailako lanbide heziketako proiektuek jaso ahalko dute. Lana amaitu ondoren aurkeztu beharko da eskaera, 2027ko ekainetik aurrera.

Ikasketa bukaerako lanak Tolosari edo Tolosaldeari buruz egiteak diru laguntza izan dezake ikasturte honetan. Izan ere, horretarako bekak emango ditu Tolosako Udalak, lehen aldiz. 2026-2027 ikasturtean unibertsitatean Gradu Amaierako Lana (GRAL) edo Master Amaierako Lana (MAL) egingo duten ikasleek eta Goi Mailako Lanbide Heziketako amaierako proiektua egingo dutenek izango dute beka lortzeko aukera. Lan horiek edozein arlotakoak izan daitezke, baina 2026-2027 ikasturtean eginak izan beharko dute.

Bekak eskatu ahal izateko, zenbait baldintza bete beharko dituzte ikasleek: Tolosan erroldatuta egon beharko dute eskaerak aurkezteko epea amaitzean; ikasle gazteen jarduna bultzatzeko helburuarekin, adin-tartea mugatu du udalak, eta 18 eta 30 urte bitartean izan beharko dituzte, urte naturalak kontuan hartuta; GRAL, MAL edo Goi Mailako LHko proiektuaren ikasgaian matrikulatuta egon beharko dute; proiektua Tolosari edo Tolosaldeari buruz eta euskaraz egin behar dute; azkenik, lanak gutxienez hamarretik zazpiko kalifikazioa izan beharko du.

Ikasturtea bukatzean, behin lana aurkeztuta dagoenean eta epaimahaiaren kalifikazioa jasotzen duenean egin ahal izango da eskaera, hau da, 2027ko ekainetik aurrera. Garikoitz Goikoetxea Euskara eta Hezkuntza Saileko zerbitzuburuak esan du, berez, prozedura guztia egina dagoela, eta horregatik aurkeztu dutela dagoeneko deialdia. «Badakigu ikasleek orain erabakiko dutela proiektua zeri buruz egin, baina eskaera-epea 2027ko ekainaren 1etik urriaren 10era arte egongo da zabalik», adierazi du. Eskaera egiterakoan, ondorengo dokumentuak aurkeztu beharko dituzte ikasleek: eskaera-orria, lanaren kopia bat, lanak jasotako kalifikazioaren ziurtagiria eta eskatzailearen curriculum vitaea. Bekaren oinarriak eta deialdia ikusgai daude Tolosako Udalaren egoitza elektronikoan.

Lehiaketa eta aurkezpena

Gradu eta master amaierako lan bakoitzeko 1.000 euro emango ditu udalak, eta Goi Mailako Lanbide Heziketako proiektu bakoitzeko, 300 euro. 2026-2027 ikasturtean hamabi beka emango dituzte denera: gradu eta master amaierako lanetan, zortzi, eta Lanbide Heziketan, lau.

Eskatzaileak eskaintzen diren bekak baino gehiago izango balira, lehiaketa bidez emango lituzke udalak, jasotako eskaerak irizpide batzuen arabera baloratuta. Lau irizpide finkatu dituzte. Batetik, lanak jasotako kalifikazioa. «Gutxienez zazpiko nota behar da beka eskatzeko, baina zenbat eta kalifikazio handiagoa izan, orduan eta puntu gehiago jasoko ditu eskatzaileak», esan du Goikoetxeak. Bestetik, lanak Tolosarekiko edo Tolosaldearekiko duen lotura-maila baloratuko dute.

Horrez gain, berrikuntza eta aplikagarritasuna ere kontuan izango dituzte. «Baloratuko da egindako lana zer neurritan aplikatu daitekeen udalak ezarri ditzakeen politiketan edo beste arlo batzuetan egin daitezkeen pausoetan», adierazi du zerbitzuburuak. Azkenik, genero-ikuspegia txertatuta duen ere baloratuko dute. Irizpide horiek 100 punturekin baloratuko lirateke, eta gutxienez 50 beharko lirateke beka lortzeko. Hala, puntuazio handieneko lanek eskuratuko lukete beka.

Udalak asmoa du beka eskuratzen duten ikasleekin ekitaldi publiko bat antolatzeko. Ekitaldi horretan, euren lanak aurkeztuko lituzkete, modu laburrean.

Prestakuntza sustatzea

Egitasmoak bi helburu ditu: Batetik, udalerriari eta eskualdeari buruzko ezagutza eta ikerketa sustatzea; bestetik, bertako ikasleen ikerketa-lanak bultzatzea. Andu Martinez de Rituerto alkateak nabarmendu duenez, udalaren nahia da «gazteen prestakuntza eta ikerketa sustatzea eta udalerriari eta eskualdeari buruzko ezagutza sortzen eta zabaltzen laguntzea. Ikasleek Tolosaren eta Tolosaldearen errealitateari, beharrei eta aukerei buruz egiten duten ekarpena baliotsua da. Horregatik, gazteen talentua eta ikerketa tokiko errealitatearekin lotu nahi ditugu, ezagutza hori etorkizuneko udalerria eraikitzeko baliabide ere izan dadin».

Goikoetxeak nabarmendu du ikasleek haien inguruko errealitateei edo kasuei buruzko lanak egiteko ohitura izaten dutela, eta azken urteetan udaleko zenbait sailetan ikasleen mezuak jaso izan dituztela, informazio eske. «Hori abiapuntuetako bat izan da, badagoelako behar bat. Beraz, herri mailan ikerketa-lanak bultzatzeko pausoa eman dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!