Tolosaldeko Sortuk ekitaldia egin du Tolosan. Urtero egiten dute eskualdeko ekitaldia irailaren 27an herriz herri, eta aurten Tolosaren txanda izan da. 200 kidetik gora bildu dira eta hiru ataletan banatu dute ekitaldia: 1975etik gaurdainoko errepasoa egin dute lehenik; hildako kideen senideei aitortza egin diete ondoren; eta epe motz eta ertainera Sortuk dituen erronken berri eman dute, azkenik.
Aurten 51 urte bete dira erregimen frankistak Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi ETAko militanteak erail zituenetik, eta hori gogoan hasi dute ekitaldia: «Irailaren 27a Euskal Herriaren historian eta gure mugimenduaren memorian gorriz markaturiko eguna da. Urtero oroimenez eta aldarrikapenez bete eta harrotasunez bizi duguna. Eta arian-arian, nazio askapen mugimenduaren eguna bilakatu dena». Esan dute erailketa haiekin zabaltzear zegoen trantsizio deiturikoaren mugak markatzen saiatu zirela, «eta, bide batez, bere askatasunaren alde borrokan ari zen herri bat eskarmentatzen, nazio askapen prozesua errotik moztuz». «Ez zuten lortu. Eta ez zuten lortu nazio askapen mugimenduak unearen irakurketa politiko zuzena egin zuelako. Baina, bereziki, borrokan jarraitu genuelako. Hori baita nazio askapen mugimendua: borroka komunitate bat. Euskal Herriaren alde borrokan aritu den, ari den eta ariko den komunitatea. Horrek batzen gaitu gaur hemen, bidean utzi ditugun kideak oroitzeak adina».
Munduan eskuin muturraren indarra eta joera autoritarioak areagotzen ari diren garaian gaudela esan dute, eta Sortuk Euskal Herrian bestelako mundu bat posible dela erakutsi duela gaineratu dute: «Eraldaketa nazionalean eta sozialean aurrera egiteko potentzial izugarria dugu. Eta orain, askapen prozesua agertoki berri batera eraman dezakeen potentzial hori guztia askatzea da gure misio nagusia». Ildo horretan, abiatu berri den ikasturte politikoa oso garrantzitsua izango dela esan dute, eta hiru erronka nagusi izango dituztela gaineratu.
Lehenengoa, preso, iheslari eta deportatu politikoen etxeratze-prozesua helmugara eramatea: «Datozen garaietan hamarkadetan iraun duen sufrikario latzenetako bati amaiera emateko moduan egon gaitezke. Asko da lortzen ari garena, baina gehiago da lor dezakeguna». Bigarren erronka nagusia, estatus politiko berriaren eztabaidaren bidez, burujabetza osoaren bidean Euskal Herriarentzat baldintza eta gaitasun berriak eskuratzea izango dela esan dute. Eta, azkenik, Ipar Euskal Herrian hasi zen hauteskunde zikloa aipatu dute: «Eta ez daukagu inongo zalantzarik gure herria, beste behin, garaiak eskatzen duenaren neurrian egongo dela. Euskal Herria gai izango dela Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenen oinordeko politikoak gelditzeko».