Kanpaina berria jarriko du martxan Tolosa&Cok

Tolosaldeko Ataria

'1.000 euro non? Edonon' kanpainarekin irabazleak 1.000 euro irabaziko ditu goiz bakarrean Tolosako saltokietan gastatzeko. Gainera, 15 txeke ezkutatu dituzte Tolosako hainbat txokotan.

Tolosa&Co merkatari elkarteak kanpaina berria abiaraziko du astelehenean, hilaren 28an: 1.000 euro non? Edonon. Kanpainaren helburua da elkarteko saltokietan erosketak sustatzea eta tokiko merkataritzaren garrantzia nabarmentzen jarraitzea, eta urriaren 23ra arte egongo da martxan.

Aste horietan, kanpainari atxikitako saltoki batean egiten den erosketa bakoitzeko, bezeroek txartel bat bete ahal izango dute 1.000 euroko zozketan parte hartzeko. Zozketa urriaren 23an bertan egingo da.

Irabazleak erronka oso zehatza izango du: 1.000 euroak goiz bakarrean Tolosa&Co-ko saltokietan gastatzea. Saria saltoki desberdinen artean banatuko dela bermatzeko, gehienez 100 euro gastatu ahal izango ditu saltoki bakoitzean, baina ez da beharrezkoa izango erosketa guztietan kopuru horretara iristea.

Kanpainan parte hartzen duten saltokiak tolosandco.org webgunean kontsulta daitezke.

Beste 1.000 euro Tolosan zehar ezkutatuta

Ekintza osagarri gisa, Tolosa&Cok 15 txeke fisiko ezkutatuko ditu Tolosako hainbat txokotan, guztira beste 1.000 euro banatuz: 100 euroko bost txeke eta 50 euroko hamar. Txeke horietako bat ezkutatzen den bakoitzean, Tolosa&Cok bere Instagram kontuaren (@tolosandco) bidez jakinaraziko du, eta bertan txekea aurkitzen laguntzeko pistak argitaratuko ditu. Aurkitutako txekeak kanpainan parte hartzen duten saltokietan erabili ahal izango dira.

Ekimen honekin, Tolosa&Cok kaleetan mugimendua sortu, erosketak sustatu eta tokiko merkataritzaren alde egiteak Tolosa bizirik mantentzen laguntzen duela gogorarazi nahi du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!