Tolosako Udala lanean ari da Energia Jarduketen Plan Orokorra lantzeko. Plan hori Tolosako Udalaren plangintza-tresna nagusia izango da energia-trantsizioaren arloan, eta plana ontzeko bidean, herritarrei zuzendutako parte-hartze saioa egingo da, orain arteko lana ezagutarazteko eta ekarpenak jasotzeko. Saioa datorren asteartean, hilaren 29an, izango da, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 17:00etatik aurrera.
Energia-eraginkortasuna eta iturri berriztagarriak bultzatzeko beharrezkoak diren neurriak ezarriko ditu planak, baita berotegi-efektuko gasen emisioak murriztekoak ere, betiere udal eskumenekoak diren eraikinei eta ekintzei dagokienez. Gainera, eraikin nagusien energia-auditoretzak egin ditu udalak. Hartara, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legea beteko du.
Tolosako Udalaren Energia Jarduketen Plan Orokorraren oinarria azken urteetan izandako energia-kontsumoari buruzko diagnostikoa da. Oinarrizko erreferentzia maila ezartzen du, eta helburuak lortzeko beharrezkoak diren energia-eraginkortasuneko neurriak jasotzen ditu. Udala Global Factor enpresaren aholkularitza teknikoa jasotzen ari da plana osatzeko.