Topaketa ekologikoak izena jarri diote aurtengo Titereszenari, eta maiatzera bitarte emango diren sei emanaldik osatuko dute. Horrekin batera, eskola kanpaina indartu dute ikasturte berrian, eta gure mugetatik at, Madrilen, Topic-eko ondarearen lagin txiki bat ere izango da ikusgai.
Ekimena egituratzen duen kontzeptua eta leloa dela Topaketa ekologikoak kontatu du Ainara Martin Topic-eko zuzendariak. «Bi ideia barneratzen ditu. Batetik, gizakiaren eta naturaren arteko bizikidetza, eta, batez ere, gizakiaren arteko errespetua aldarrikatzea. Aste honetan etxegabetze gogor bat izan dugu, eta Ceutan gertatzen ari dena sinestezina da. Horretan guztian kulturan badauka zeresanik, eta badauka non lan egin». Arte eszenikoetatik egiten diren harremanak eta topaketa eszenikoak dira beste ideia nagusia.
Kontzeptu horiek guztiak programazio osoa diseinatzeko balio izan die, eta aukeratu dituzten konpainiek ere bizikidetza, ekologia, desazkundea eta enpatia soziala bezalako ideiekin egiten dute lan. Sei konpainia izango dira maiatza bitarte Topic-eko eszenatokian. Amaia Iriondo Topic-en programazio arduradunak azaldu eskaintza oso anitza izango da. «Ogiz egindako txotxongiloak izango ditugu, robotak, animazioa... eta, noski, baita txotxongilo tradizionalak ere, itzalak, sokak, adaskak...».
Eskola kanpaina oso tresna aberasgarria dela azpimarratu du Martinek: «Txotxongiloa oso sarrera berezia da adin goiztiarretan, euren lehendabiziko sarrera da arte eszenikoekin». Bada, aurten indartu egin dute kanpaina, eta orain arte ostiraletan egin bada, ikasturte honetan ostegunetan eta ostiraletan egingo dute. «Oso garrantzitsua da humanismoa barneratzea adimen artifizialaren garai hauetan. Beharrezkoa da pentsamendu kritikoa lantzea, bestela makinek irentsiko gaituzte», esan du.
Titereszena Tolosatik at ere zabalduko da, Madrilen, hain justu ere. Izan ere, Topic-en ondarearen lagin txiki batekin erakusketa berezi bat prestatu dute bertan. Europako teknika eta dimentsio desberdineko hamabost txotxongilok osatzen dute, tartean, Euskal Herrikoak. Datorren urtera arte egongo da ikusgai.
Topic-eko zuzendariak aipatu du erakundeen babesik gabe ez litzatekeela posible horrelako egitarau bat antolatzea. «Kultura tresna demokratiko bat da, demokrazia sustatzen laguntzen duena, eta horregatik da beharrezkoa sustatzen jarraitzea».
«Maila goreneko lana»
Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapeneko eta Gazteriako zuzendari nagusiak nabarmendu du Titereszena adibide oso ona dela ikusteko kultur proiektu bat nortasun zehatz batetik nola hazi daitekeen, eta aldi berean, bere espaziotik askoz harago doan eragina izan. «Izan ere, ez gara ikuskizunez soilik ari, sorkuntza, erakusketa, prestakuntza, hezkuntza eta ondarea uztartzen dituen programazioaz baizik».
Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak azpimarratu duenez, Tolosarentzat «altxor bat» da horrelako programazioa edukitzea. «Topic-en maila goreneko lana egiten duzue, eta baita Tolosako Ekinbide Etxean dagoen boluntario taldeak ere. Benetan eskertzekoa da, eta espero dut herritarrek erantzun egokia ematea eskainitako programazio ederrari». Era berean, elkarlanaren garrantzia nabarmendu du. «Erakunde ugariren elkarlana dago, eta hori funtsezkoa da horrelako proiektuak aurrera ateratzeko».
Garbiñe Etxezarreta Kutxa Fundazioko ekimen eta programen zuzendariak pertsonengan zerbait mugiarazten duten ekimenen garrantzia goraipatu du. «Gure ustez hori da urtez urte Titereszenak egiten duena, eta horregatik iruditzen zaigu garrantzitsua adin guztietako herritarrei zuzendutako gisa honetako ekitaldiak babestea». Bestalde, «balio handiko» hainbat elementu uztartzen dituela, hala nola, sormena, transmisioa eta jakin-mina ere nabarmendu du. «Gainera, bertako nahiz nazioarteko proposamenak biltzen ditu, eta euskarazko sormena nazioartean kokatzeko modu bat ere bada».
Kepa Goikoetxea Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak ekimena babestu duten erakundeei eskerrak ematearekin batera, Topic-eko langile guztien lana nabarmendu du: «Baldintzak hobetzen ari garen bide honetan, zuen ekarpena, ahalegina, esfortzua eta ilusioa eskertu nahi dut».
EGITARAUA
- Ogi zati bat (Les pinyes, Herrialde Katalanak). Abenduak 10, 11, 12. 3 urtetik aurrera. Euskaraz. Inoiz pentsatu al duzue nondik datorren mahai gainean jartzen dugun ogia? Non erosten dugu? Nola egin dute? Nondik datoz erabilitako osagaiak? Ogi baten baten bidaia jarraituko du lanak, pixkana galdera horiei erantzuna emanez, musikaren, txotxongiloen eta magiaren bidez.
- Malaika (La sonrisa del Lagarto, Asturias, Espainia). Urtarriak 14, 15, 16. 7 urtetik aurrera. Gaztelaniaz. Malaika, elefante-talde bateko printzesa, bere aita Kombaren bizkarrean bizi da. Ura aurkitzeko putzuen bila egingo duten bidaia luzean, proba zail askori aurre egin beharko die, eta ikasgai handi bat jasoko du: oroimena dela elefanteen biziraupenerako giltza.
- Flor de greguerías (Luna Danza Teatro, Madrid). Otsailak 25, 26, 27. 4 urtetik aurrera. Gaztelaniaz. Ramón Gómez de la Serna idazlearen mundu poetiko eta umoretsuan inspiratua, ikuskizunak amets egitera eta jolas posibleak irudikatzera gonbidatzen du.
- Munstro arrosa (Zum zum, Herrialde Katalanak). Martxoak 11, 12, 13. 3 urtetik gora. Gaztelaniaz. Munstro arrosa gainerako guztiengandik desberdina da. Egun batean bizitzeko beste leku baten bila bidaiari ekitea erabakitzen du. Denak elkarren artean oso desberdinak baina zoriontsuak diren toki batera iritsiko da.
- Tretatxu (Anita Maravillas, Euskal Herria). Apirilak 22, 23, 24. 6 urtetik gora. Gaztelaniaz. Goseak eta pobreziak markatu zuten Tretatxuren eta haren familiaren haurtzaroa. Agintariek baratzea, etxea... eta irribarrea ere lapurtu zizkieten. Baina mutiko bihurri hura hazi egin zen, eta inguruko bidelapurrik miretsiena bihurtu zen.
- El circo de los gerundios (Alas Circo Teatro, Andalucia, Espainia). Maiatzak 13, 14, 15. 6 urtetik gora. Gaztelaniaz. Zirkoa eta txotxongiloak uztartzen dituen lana. Garabato beldurrak uxatzeko gai den istorio bati forma emateko hitzen bila dabilen idazle batek idatzitako ipuin bateko protagonista da.