Azken urteetako emaitza-bolada onari jarraipena emateko helburuarekin, Tolosaldea Arraun Klubak harrobia hazten jarraitu nahi du. Horretarako, datorren denboraldian batelekin probak egin eta klubean aritu nahi duten neska-mutilek izena eman ahalko dute datozen asteetan. Irailaren 28an, 29an eta 30ean eta urriaren 1ean eta 2an egongo da horretarako aukera Zerkausiko ontziralekuan, 18:00etatik 19:00etara bitarte.
2.000 euroko isuna
Bestalde, joan den astean, Traineruen Kluben Elkarteko Diziplinako Epaileak berretsi egin zuen uztailaren 25ean Donostian jokatzekoa zen Euskotren Ligako Fabrika Banderan lehiatzeari uko egin zioten klubei, tartean, Tolosaldeari, ezarritako 2.000 euroko zigorra.
Ebazpenaren arrazoia «arau-hauste larria egitea» da, TKE-ren Diziplina Arautegiko 14. f artikuluan jasotzen denaren arabera. Artikulu horrek Elkartearen eta haren Zuzendaritza organoen irudiari zein interesei kalte egiten dieten ekintzak zein adierazpen publikoak egitea zigortzen du, berariaz.
Bada, Oriok izan ezik, gainerako klubek helegitea aurkeztu diote TKE-ri, onartu dezan, eta adierazi dute Diziplinako Epaile Bakarraren ebazpena zuzenbidez egitea eta arbitroari helaraztea nahi dutela.