Udal liburutegiko 2026-2027 ikasturteko irakurketa kluben eskaintza osatzeko, beste bi talde gehitu ditu Tolosako Udalak: Irakurketa erraza euskaraz eta Irakurketa kluba ingelesez. Dinamizatzaileak izango dituzte bi taldeek, eta Errota eraikinean elkartuko dira, urritik maiatzera. Parte hartzeko, izena ematea nahitaezkoa izango da eta Tolosako webgunean egin daiteke.
Irakurketa erraza euskaraz kluba euskaldun zahar nahiz euskaldun berriei zuzenduta dago eta euskaraz irakurtzen trebatzeko dela azaldu dute. Liburua saioan bertan soilik irakurriko dute, beste talde batzuetan ez bezala, «elkarrekin aurrera egiteko eta zalantzak unean bertan argitzeko». Taldearen xedea, beraz, modu ludikoan euskaraz irakurtzea da, ez ikuspegi akademikotik jorratzea. Saioak asteazkenetan izango dira, eta aforoa mugatua izango da (10 parte-hartzaile). Liburutegia arduratuko da parte-hartzaileentzako liburuak lortzeaz. Lehen saioa urriaren 14an izango da, eta lehen irakurgaia Kapitain ausartak izango da.
Ingelesezko irakurketa kluba ere izango da aurten udal liburutegian, hori ere estreinakoz. John Costellok dinamizatuko du, taldea hilero bilduko da, ostegunetan, eta ingelesezko B2 maila izatea gomendatzen da parte hartzeko. Kasu honetan ere, aforoa mugatua izango da (20 parte-hartzaile). Lehen saioa urriaren 29an izango da eta lehen irakurgaia, berriz, Our Souls At Night izango da. Izena emandakoan, parte-hartzaileak liburutegitik pasatu daitezke irakurgaiaren bila, liburutegiko txartelarekin.
Irakurketa klubetarako zeinu-hizkuntzako zerbitzua behar izatekotan, aldez aurretik jakinarazi beharko du parte-hartzaileak. Datak, ordutegiak eta izen-emateak kontsultatzeko, Tolosako Udaleko webgunera jo daiteke.