Bakarrizketa eta pintxo-potea Andia markaren bosgarren urteurrenean

Tolosaldeko Ataria

Aurreko bildumako diseinuetako bat.

Andia markaren bilduma berria aurkeztuko dute ostegunean, hilaren 24an, Andia Museoan, 18:00etatik aurrera.

Tolosako Kimetz arropa dendaren Andia markak bost urte bete ditu, eta bilduma berria sortu dute. Ohi bezala, Euskal Herriarekin lotura duten diseinuak egin dituztela kontatu dute Ainara Etxeberria eta Juanjo Ruiz Kimetz dendako arduradunek. Ez alferrik, euskal kulturarekiko sentsibilitatea duten pertsonentzat sortzen dutela azpimarratzen du markaren leloak.

Andiaren bosgarren urteurrenaren harira, Andia Museoa sortu dute Kale Nagusiko 24. zenbakian, eta bertan aurkeztuko dute bilduma berria ostegunean, 18:00etatik aurrera. Diseinu berrien artean, tolosar artista batekin eginikoa ere bada bilduma berrian, Jorge Malkorrarekin. Ez da artistekin batera diseinuak egin dituzten lehen aldia. Aurretik, Jose Luis Longaronek eta Gotzon Huegunek ere parte hartu dute Andia etxeko diseinuetan. Eta, hori bakarrik ez, hainbat proiektutan ere parte hartu du Andiak, Argilunak egitasmoan, kasu. Diseinu berriez gain, bertaratzen direnek Andia markaren bost urteko ibilbidean sortutako diseinu nabarmenenak topatuko dituzte hormetan zintzilik, tartean, Tolofolk jaialdirako egindakoak. 

Osteguneko aurkezpenera joaten direnek, gainera, pintxo-potea izango dute. Ostiralean ere museoa zabalik izango da, eta bisita girotzeko, Ander Malbadi albizturtarraren bakarrizketa saioa izango da, 19:30ean. Eta, larunbatean ere museora joan ahalko da, dendako ordutegian. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!