Eukene Larrarte omendu dute Bartzelonan

Tolosaldeko Ataria

Cybele Schneider, Eukene Larrarte eta Laura Rodriguez, larunbatean, Bartzelonan egin zieten omenaldian. LUIS R. M.

Bartzelonako 22. Nazioarteko Txapelketa - XIII. Miquel Poblet Oroimenezkoan parte hartu du txirrindulari tolosarrak; profesional mailan azken lehiaketa izan da Larrarterentzat.

Eukene Larrarte txirrindulari tolosarra ostiralean lehiatu zen azken aldiz profesional mailan, UCI CL2 kategoriako proba batean. Bartzelonako 22. Nazioarteko Txapelketa - XIII. Miquel Poblet Oroimenezkoan parte hartu zuen, madisonean Megan Jastrab estatubatuarrarekin, eta bigarren izan ziren. Larunbatean, pista berean, aurten lehia uztea erabaki duten Cybele Schneider suitzarra, Eukene Larrarte eta Laura Rodriguez kataluniarra omendu zituzten.

Urte eta erdi da Eukene Larrartek txirrindularitza utzi zuela. «Zapore gazi-gozoarekin utzi nuen, eta txapelketa hau asko gustatu izan zait beti. Berezia da niretzat, eta bertan lehiatzea pentsatu nuen, agur esan aurretik. Gozatzera etorri naiz. Nire lagunak eta nire prestatzaileak ere etorri dira, eta asko ari gara gozatzen», adierazi zuen larunbatean Bartzelonan bertan egin zioten elkarrizketa batean. Probari buruz galdetuta, emaitzarekin «oso kontentu» zegoela aitortu zuen. «Asko gozatu nuen, eta gainera, bigarren izan ginen. Lehen postua lortzeko ere borrokatu genuen».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!