Urkizuko dolina garbitu dute

Tolosaldeko Ataria

Guztira 4,5 tona inguru hondakin atera dute, eta bildutakoarekin erakusketa jarriko dute Trianguloa plazan, irailaren 22tik 25era.

30 metroko diametroa eta 12 metroko sakonera du Urkizuko dolinak. Egitura karstikoa dute, eta hego-ekialdean eta punturik sakonenean, urteetan botatako gailu elektroniko, txatarra, bateria, uralita, botika, beirazko botila eta bestelako zaborrak atera dituzte. 4,5 tona hondakin inguru atera dituztela esan du Tolosako Udalak, eta hondakin horiek, irailaren 22tik 25era, Trianguloa plazan ikusgai jarriko dituztela hondakinen dimentsioaz jabetzeko, garbigunera garraiatu aurretik.

Lurpea Garbi elkartea

2024ko abenduan, Tolosaldeko eremu karstikoetan sakabanatutako zabor puntuen katalogo dokumentua argitaratu zuen Lurpea Garbi ingurumena babesteko elkarteak. 2023an sortutako elkarte honen helburua da zabortegi gisa erabili diren edo kutsatuak dauden Gipuzkoako ingurune karstikoak garbitzea, lehengoratzea eta babestea.

Aipatutako katalogoan, Tolosaldeko sima eta dolinak aztertu dituzte, 21 guztira, eta zenbait irizpide erabilita, puntu beltz bakoitzaren arriskua baloratu dute. Egitura horietatik lau Tolosako landa eremuan daude, eta arrisku-maila txiki eta ertainekoak direla baloratu dute. Hori horrela, Tolosako Udalak eremu horiek lehengoratzea erabaki du, eta Urkizuko dolinarekin hasi da. Horretarako, sakabanatutako zaborren pilaketak prebenitzen eta zuzentzen lagunduko duten jarduerentzako diru laguntza jaso du Gipuzkoako Foru Aldunditik.

Udalak gogoratu du Tolosaldea eskualde pribilegiatua dela prezipitazio eta akuifero karstikoen presentziari dagokionez. Arroka disolbagarrietan urak sortutako higaduraren ondorioz sortzen dira eremu karstikoak; zaurgarriak dira, eta bertako ekosistemaren biziraupenerako ezinbestekoa da oreka bermatzea. Halaber, lur azpiko uraren zaintzak berebiziko garrantzia du, are gehiago klima aldaketaren aurrean. Izan ere, gure planetan, egoera likidoan dagoen ur gezaren % 96 lur azpian dago. Baliabide estrategiko hori ezinbestekoa izango da etorkizun hurbileko ur eskasiari aurre egiteko, eta horretarako, eremu horien kutsadura ekidin behar dugu.

Udalak gogorarazi du lurpea eta landa eremua ez direla zabortegiak. Mendian topatzen diren hondakinak zuloetara bota eta begi-bistatik galtzen diren arren, lurpean jarraitzen du arazoak eta edateko ura bera ere arriskuan jartzen du. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!