Tolosa Argituz Energia Komunitatea aurkezteko ekitaldia

Ataria Ataria

Topic zentroan izango da ekitaldia, irailaren 23an, 18:30ean hasita.

Tolosa Argituz Energia Komunitatea aurkeztuko dute datorren asteazkenean, hilaren 23an, 18:30ean hasita, Topic zentroan. Lehendabizi ordubete inguruko aurkezpen hitzaldia izango da, eta ondoren galderentzako tartea zabalduko dute. Behin hori amaituta, mokadutxoa emango dute.

Uztailean sortu zuen herritar talde batek Tolosa Argituz Energia Komunitatea  (TAEK). Tolosan bertan energia berriztagarria sortzeko eta kontsumitzeko modu bidezkoago eta iraunkorrago bat bultzatzeko helburuz sortu dutela azaldu zuten. «Eguzki-energia, energia-eraginkortasuna eta kontsumo kolektiboa uztartuz, etorkizuneko energia-eredua hemen bertan eraiki nahi dugu».

Tolosako Udalaren eta Goiener S. Koop.en laguntza izan zuten komunitatea sortzeko. Orain, bazkide izateko aukera luzatu diete herritarrei. Bazkide izateak ondorengoa dakarrela esan dute: tokian tokiko energia berriztagarria sortzeko aukera; epe ertainera argindarraren fakturan aurreztea; energia-prezioen gorabeheretatik babes handiagoa izatea; eta trantsizio energetikoan zuzenean parte hartzea, ez soilik kontsumitzaile gisa.

Parte hartu nahi dutenek 50 euroko hasierako ekarpena egin beharko dute, eta kooperatibako bazkide bihurtuko dira. Aurrerago, instalazioak martxan jartzeko, bazkide bakoitzak 450 euro inguruko inbertsioa egin beharko du, eta inbertsio hori 10 urte inguruan amortizatzea aurreikusten dute. «Zenbat eta bazkide gehiago izan, orduan eta bideragarriagoa eta onuragarriagoa izango da guztiontzat. Ez da soilik zure fakturan aurreztea: etorkizun jasangarriago baten alde pausoa ematea da, Tolosatik eta Tolosarentzat».

Tolosako edozein herritarrek har dezake parte eta ez da beharrezkoa instalazio propiorik izatea, proiektua kolektiboa baita. Informazio gehiago nahi duenak tolosaargituz@gmail.com helbidera idatzi dezake, izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbaki bat jarrita.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!