Kirola eta elkartasuna batzen dituen Bueltaka egitasmoa izango da igandean, hilaren 20an, Tolosako Berazubi estadioan. Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatutako ekimena 09:30etik 13:30era izango da.
Helburua da parte hartzaileek estadioari ahalik eta buelta gehien ematea. Izan ere, buelta bakoitzeko euro bat ordaindu beharko da, beraz, geroz eta buelta gehiago orduan eta diru gehiago bilduko du elkarteak sahararrei laguntzeko. 5 kilometro egiteagatik 12,50 euro ordaindu beharko da, 10 kilometrogatik, 25 euro, 21 kilometrogatik 52,50 euro, eta maratoia egiteagatik, hau da, 42 kilometro egiten duenak 105 euro ordainduko du.
Elkartetik gogoratu dute taldeka edo bakarka parte hartu ahal izango dela, eta ez dela beharrezkoa lasterka egitea, oinez ere parte hartu daiteke.
Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek esan dutenez, dagoeneko hainbat herritarrek hartu dute parte hartzeko konpromisoa: «Aurretik, enpresekin, elkarteekin eta lagun kuadrillekin harremanetan jartzen gara, eta hainbat taldek kilometro edo itzuli kopuru jakin baten aldeko konpromisoa hartu dute». Kasu batzuetan, gainera, posible da itzuli kopuru bat ordaintzeko konpromisoa soilik hartzea, eta ondoren lasterka beste pertsona batek egitea.
Ekimena girotzeko elkartasun denda eta taberna jarriko dituzte elkarteko kideek estadioan bertan. Saharar haima bat ere egongo da, eta te sahararra, datilak eta bestelakoak izango dituzte.
Bueltaka ez dela soilik korrika egiteko ekimen bat esan dute Sahararen aldeko elkartetik, herritar guztiak bertan parte hartzera animatuz: «Saharar herriak bizi duen errealitatea ezagutarazteko, elkartasuna adierazteko eta guztiok goiz eder bat elkarrekin igarotzeko aukera ere bada. Lagunartean, kuadrillan, laneko lagunekin, kirol taldearekin, aisialdiko lagunekin edo zuen elkarteko kideekin... Denok zaudete gonbidatuta Berazubira, ahalik eta buelta gehien ematera!».