ELKARRIZKETA

«Barneko zaintza garrantzitsua da azala osasuntsu izateko»

Leyre Carrasco

Bidatz Sasiain Caminos. L.C.

Erlauntzeko osagaiak eta landare-jatorriko formulak erabiliz, eguneroko zaintzarako produktu naturalak sortzen ditu Bidatz Sasiain tolosarrak.

Pauso txikiak ematen ari bada ere, Osabi Natura zabaltzen ari da Bidatz Sasiain (Tolosa, 1978). Sendabelarrekin frogak egiten hasi zen etxean, eta duela bederatzi urte kosmetika naturala egiten hasi zen Tolosako Batxiler Zaldibia kaleko 10. zenbakian duen laborategian. Bertan denda ere badu, baina azokaz azoka ibili ohi da eta tarteka tailerrak ere antolatzen ditu. Orain, beste pauso bat eman du eta Osabi.eus webgunea zabaldu berri du.

Kosmetika naturaleko produktuak egiten dituzu. Noiztik eta nola hasi zinen horretan?

Sortzea gustatzen zaidalako hasi nintzen honetan, gehienbat eskulanak egitea gustatu izan zait beti; zerbait egin, norbaiti eskaini eta gero bere feedback-a jasotzea. Horregatik biologiako ikasketak egin nituen, eta horren ostean, analisi eta kalitate-kontroleko laborategiko goi-mailako teknikariaren ikasketak egin nituen. Biologiako ikasketek landareen inguruko ezagutzak eman zizkidaten, eta analisi eta kalitate-kontrolekoek, berriz, laborategiaren mundua ezagutzeko aukera eman zidaten. Horretaz gain, sendabelar eta kosmetika ikastaro asko egin ditut. Ikastaro horietan ikasi nuen nola atera behar zitzaizkien landareei printzipio aktiboak eta horiek nola aplika zitezkeen kosmetikan. Hortik aurrera poliki-poliki gauzak sortzen hasi nintzen, eta azkenean, hona iritsi naiz.

«Poliki-poliki ikasten joan naiz eta neure buruarengan konfiantza hartzen»

Noiz bihurtu zenuen zure afizioa ofizio?

2017an sortu nuen Osabi. Produktuak poliki-poliki sortzen aritu naiz, baita ikasten ere. Orain arte ezkutuan bezala ibili naiz, baina joan den astean Osabi.eus webgunea zabaldu nuen. Hala ere, oso poliki noa; izan ere, horrez gainera, Gipuzkoako Erlezain Elkartean ere aritzen naiz teknikari moduan, lanaldi erdira, eta ez dut denbora handirik izaten. Nire senarra ere erlezaina da, eta horren bueltan gabiltzanez, erlezaintza eta kosmetikoak uztartu ditut.

Nondik dator Osabi izena?

Osasuna eta Bidatz. Argi nuen produktu naturalekin lan egin nahi nuela; landaretik eratorritako produktuekin, hain zuzen. Osasuna modu holistiko batean begiratzea gustatzen zait, barneko zaintza eta kanpoko zaintza uztartzea oso garrantzitsua da oreka lortzeko.

Zein produktu eskaintzen dituzu?

Osabik bi alor ditu: batetik, erlauntzetik eratorritako produktuak —eztia, propolia, propoeztia, polena edota argizaria—; eta bestetik, kosmetika naturalekoak —kremak, desodoranteak, xaboiak eta serumak, besteak beste—. Hala ere, ez nuke nahi nire produktuak kosmetiko hutsatzat hartzea. Olio esentzialak erabiltzen ditut, eta horiek osagai oso boteretsuak dira emozioak lantzeko eta beharrezko oreka bat lortzen laguntzeko. Horretara iritsi nahiko nuke, baina oraindik lan asko dut egiteko gai horretan.

Zein osagai erabiltzen dituzu horretarako?

Erlauntzeko produktuez gain, landaretik eratorritako produktuak ere erabiltzen ditut gehienbat: landare hidrolatoak edo urak, argizariak, emultsionatzaileak edota olio esentzialak, besteak beste. Azken horiek potentzia handiko osagaiak dira, modu kontrolatuan erabili behar direnak, dosi zehatz batzuetan. Emozioetan eragin handia izan dezakete.

Krema bat egiterakoan, esaterako, olioak eta urak nahastu egin behar dira; hau da, emultsio bat sortu behar da. Tonikoak urtsuak izaten dira, eta horregatik kontserbagarriak gehitu behar zaizkio, bestela ez dute denboran irauten. Eta gel-testura baldin badu, agian gelifikatzailea bat edo beste gehitu beharko zaio.

Erlauntzetik eratorritako produktuek zein onura dituzte?

Erlauntzeko produktu guztiak osasunarentzat oso onak dira, kanpoko zein barneko aplikazioan, baldin eta alergikoa ez bazara, noski. Leungarriak dira, antioxidatzaile ugari dituzte, polena birsortzailea da, propolia ere orbaintzaile gisa erabil daiteke, baita antibakterizida edo erreduretarako ere balio du. Erabilera asko ditu. Beraz, erlezaintza eta kosmetika uztartzea interesgarria iruditu zitzaidan.

Dena zerotik egiten duzu. Nolakoa da prozesua?

Lehenik eta behin, zein produktu sortu nahi dudan pentsatu behar dut eta zertarako izango den. Ondoren, horretarako egokiak izango diren osagaiak pentsatu eta formula sortu behar izaten dut. Kalitate goreneko osagaiak aurkitzen saiatzen naiz eta, ahal dudan neurrian, osagai ekologikoak lortzen. Probak egin behar izaten dira aukeratutako osagaiak erabiliz gustuko produktua lortu arte. Behin dena zehaztua eta emaitzarekin gustura gaudenean, prozedura idazten dugu dena ondo zehaztuta geratu dadin, eta hurrengo batean berriro produktua errepikatu nahi dugunean zalantzarik ez izateko. Azken pausoa, analitikak egitea litzateke. Kanpo laborategi batera eramaten dira, egonkortasun, bateragarritasun, kontserbatzaile eta hainbat proba egitera, produktua segurua dela ziurtatzeko.

Zailtasunak izaten dituzu?

Gaur egun, formulak nahiko zehaztuta ditut, eta ez dut zailtasun handirik, baina hasi nintzanean, gehienbat emultsioekin, makineria egokia topatu arte, arazoak izaten nituen. Haize gehiegi hartzen zidaten eta ez zitzaizkidan emultsio egonkorrak ateratzen edo zenbait gel testurako produktuekin ere pH egokia lortzea kostatzen zitzaidan... Poliki-poliki ikasten joan naiz, eta neure buruarengan konfiantza hartu dut.

«Urtebete inguru behar izaten da produktu berri bat sortzeko»

Zenbat denbora behar izaten duzu produktu bat sortzeko?

Kontuan hartu behar da produktu bat egitea ez dela bakarrik laborategian formula bati jaraituz produktua fabrikatzea; batetik, sormen prozesua dago eta bestetik, bete beharreko legezko eskakizun guztiak. Prozedurak, analitikak, segurtasun-dosierra, trazabilitatea... Produktu berri bat sortzeak analitika asko eskatzen ditu; beraz, horiek guztiak kontuan harturik urtebete inguru behar izaten da produktu berri bat sortzeko.

Urtebetean zenbat produktu egin ahal dituzu?

Oso pixkanaka joaten naiz. Momentuz, kopuru zehatz bat eginda dut, eta aurten ez dut gehiago egiteko asmorik. Analitika guztiek kostu handia dute eta gastu horiei guztiei buelta eman behar zaie.

Froga asko egin behar izan dituzu gustuko produktua lortu bitarte?

Jada ez dut asko esperimentatzen, formulak ikasita ditut eta. Hala ere, zerbait berria egiten dudanean jendeari probatzeko ematen diot, ondoren beraien feedback-a jasotzeko eta ondorengo produktuak sortzerakoan kontutan izateko.

Eta materialari dagokionez, zein tresna behar dira halako produktuak egiteko?

Kozinatzearen modukoa da: lanean hasi aurretik material guztia garbitu eta desinfektatu behar izaten da, baina erabiltzen ditudan tresnak edozein sukaldetan aurkitzen direnak dira. Sua edo beroa emateko zerbait, kazolak, irabiagailuak... Krema baten kasuan, argizariak eta olio solidoak urtzeko beroa behar dut, horretarako etxeko sukaldea dut, indusiozkoa; ondoren osagai urtsuak gehitzen zaizkio eta irabiagailuarekin nahastu. Behin emultsioa sortuta, Thermomix estiloko makinan sartzen dut hoztu dadin ordu pare batez. Behin hoztuta, osagai termolabilak gehitzen zaizkio, hau da beroarekiko sentikorrak direnak, eta formulara hotzean gehitu behar direnak. pHa neurtu behar izaten dugu, azalerako egokia izan dadin, eta egun pare batez testura hartzen uzten dugu. Azkenik, ontziratu eta etiketatu egiten da. Urte hauetan guztietan, tresneria hobetzen joan naiz, eta hasi nintzenetik hona asko hobetu dut. Poliki-poliki inbertsio txikiak egiten joan naiz, eta orain lana erosoago egiten dut.

Laborategia duzu horretarako. Noiz zabaldu zenuen?

2017an zabaldu nuen. Ikastaroak egin ostean etxean hasi nintzen saltsan. Hau nire aitaren lokala da, eta trasteleku moduan erabiltzen genuen, eta leku bat behar nuenez, laborategi bihurtzea erabaki nuen. Egia esan, oso gustura nago, nire txokoa da, hemen sartzen naiz eta lasai-lasai egoten naiz. Laborategiaz gain, denda ere badut, baina erlezain elkartean beste ordutegi bat dudanez, ezin dut ohiko denda-ordutegian ireki, eta bezeroekin aurrez hitzartzen dut ordua produktuak erostera etor daitezen.

Horrez gainera, non gehiago erosi daitezke Osabiko produktuak?

Horrez gain, Lasarteko Kool Studio dendan, Zizurkilgo HerriBiziGune dendan, Baliarraingo ekonomatoan eta Lazkaoko Biziola kooperatiban ere aurki daitezke nire produktuak.

Hala ere, beste azoka batzuetara ere joaten zara.

Gipuzkoan aritzen naiz, Tolosaldean bereziki, eta gehienbat udazken garaian, irailetik abendura arte. Elkartean ere ezti lehiaketak antolatzen ditugu, eta bata ez bada besteagatik aritzen naiz azokaz azoka.

Nolako giroa egoten da?

Niri azokak asko gustatzen zaizkit, bezeroarekin hitz egiten dudalako, produktuak ondo azaltzeko aukera izaten dudalako eta jendeak interes handia jartzen duelako. Errepikatu egiten dutela ikusten duzunean ilusio handia egiten dizu.

Noiz duzu hurrengoa?

Asteburuan Amarotzen izango naiz, Asteburu Esoterikoaren bueltan egingo duten azokan. Ondoren, urriaren 3an Tolosako Zerkausiko azokan ere izango naiz.

Tarteka tailerrak ere antolatzen dituzu. Zer erakusten duzu horietan?

Nahi baino gutxiago antolatzen ditut, denbora gutxi dudalako. Normalean, herri txikietako udalek antolatzen dituztenetara joaten naiz ikastaroak ematera. Krema bat modu erraz batean nola egin behar den erakusten dut gehienbat. Horretarako, konfiantzazko krema-oinarri bati osagaiak gehitzen dizkiegu, eta osagai horiek zeintzuk diren ikusi eta ikasten ditugu; landare-estraktu desberdinak, olioak, olio esentzialak, gelak... produktu desberdinak. Laborategian ere egin izan ditut, baina espazioa oso txikia da.

Horrez gain, udaberrian eskolaz eskola aritzen naiz erle mundua gazteei erakusten: zein garrantzia duten erleek biodibertsitatean, zein produktu ematen dizkiguten eta erlezainok nola egiten dugun lan.

Zein onura eskaintzen ditu kosmetika naturaleko produktuak erabiltzea?

Batetik, esan genezake kosmetika industrialean erabiltzen diren osagai gehienak petroliotik eratorritakoak direla, eta hauek sortzeko erabiltzen diren prozesuek naturalak egiteko erabiltzen direnak baino askoz gehiago kutsatzen dutela ingurumena. Bestetik, produktu naturalek gure azaleko osagaiekin antzekotasun handiagoa dute, olio mineral bat arrotza da gure azalarentzat, aldiz, osagai naturalek, landare-jatorrikoak izanik, horien printzipio aktiboak gure azalarekin ahaidetasun handiagoa dute. Horrek ez du esan nahi naturala den guztia ez dela kaltegarria. Eskuartean zein osagai dugun eta berarekin nola lan egin behar dugun jakin behar da, azal batzuk oso sentikorrak direlako.

Hala ere, esan beharra dago ez garela kanpotik bakarrik elikatu behar; hau da, azaleko arazoren bat dugunean, askotan kanpotik konpontzen saiatzen gara, gure barne-sistemari erreparatu gabe. Gaur egungo bizi erritmoak ondorioak ditu gure gorputzean, eta horiek askotan azalean agertzen dira. Horregatik, azalaren hidratazioaz hitz egiten dugunean, ura edateaz, elikadura osasuntsuaz eta ariketa fisikoaz hitz egiten ari gara. Barne-zaintza oso garrantzitsua da: emozioen, estresaren eta, oro har, gaur egungo bizitzak sortzen dizkigun desoreken kudeaketa egokia egitea garrantzitsua da, azala ere osasuntsu egon dadin.

 

«Bezeroren batek behar bereziren bat badu, produktuak pertsonalizatu ere egiten ditut»

Zein berezitasun dute zure produktuek? Zerk bereizten zaitu gainerako marketatik?

Artisau-lana da. Kantitate txikietan egiten ditut, osagaiak zainduz eta bertako eta erlauntzeko produktuak erabiliz. Bezero batek behar bereziren bat badu, produktuak pertsonalizatu ere egiten ditut.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!