Tolosako Oria ibaia estropaden agertoki izango da berriro asteburu honetan. Zerkausiko II. Bandera ostiralean eta larunbatean jokatuko da, iaz berreskuratutako elkarteen arteko estropadaren bigarren edizioan.
Guztira, 17 eragilek hartuko dute parte aurten, iazko edizioan baino seik gehiagok. Tolosako kultura, kirol eta gastronomia elkarteek osatuko dute parte-hartzaileen zerrenda, eta Tolosako Udalak ere izango du ordezkaritza.
Ostiralean, irailaren 18an, lehen jardunaldia egingo dute. 18:30ean hasiko da erlojupekoa, eta taldeek banan-banan egingo dute ibilbidea: ontziratzeko lekutik abiatu, zubiaren alde batetik joan, ziaboga egin eta beste aldetik itzuliko dira irteera puntura. Taldeen artean minutu bateko tartea izango da.
Larunbatean, berriz, bezperako denboren arabera osatuko dituzte bikoteak, eta estropada nagusia jokatuko dute. Proba hiru luzek eta bi ziabogak osatuko dute.
Antolatzaileen arabera, ordea, emaitzak ez dira izango asteburuko helburu bakarra. Ekimenaren xede nagusietako bat Tolosako eragileen arteko harremanak sendotzea eta elkarlanerako sareak indartzea da. Josune Sanz Komunitatea eta Gobernantza arloko zinegotziak nabarmendu duenez, iazko esperientziaren ondoren, «eragileek elkar ezagutzeko eta lankidetzan aritzeko» tresna gisa ulertzen dute ekimena.
Era berean, hamarkadetan errotutako tradizioa berreskuratu dela azpimarratu du Sanzek, eta Zerkausiko Bandera kohesioa eta saretzea sustatzeko ekimen gisa indartu nahi dutela azaldu du.
Aurten parte hartuko duten taldeen artean daude Udaberri, Izaskun, Aiz-orratz, Laskorain Ikastola, Isidro Larrañaga, Lizardi, Gure Txokoa, Xake, Ero Etxe, Batasuna, Iurre, Emendek, Ortzadar, Txinparta eta Aurrera. Tolosako Udalak ere ontzia aterako du. Casino eta Judo elkarteek, aldiz, ezin izan dute taldea osatu, baina entrenamenduaz gozatzeko aukera izango dute.