Ostegunetik igandera egingo dute Tolosako Garagardo Festa

Ataria

Garagardo azokako antolatzaileetako batzuk, atzo, Tolosako Zerkausian. A. ARROYO ASKARAI

Beste urte batez Zerkausia izango du aterpe TAKE saskibaloi taldearen garagardo azokak. Iazko prezioak mantenduko dituzte, eta garagardo merkeago bat jarri dute.

Ostegunean hasi eta igandera arte egingo du Tolosako Garagardo Azoka TAKE saskibaloi taldeak. Lau egunez 23 zerbeza ezberdin eta askotariko jakiak dastatzeko aukera izango da Zerkausian, eta igandean iaz estreinakoz antolatutako bazkari herrikoia egingo dute aurten ere.

Nerea Ugartemendia antolakuntzako kideak aurreratu du «urteroko egitura berdina» izango duela azokak, hau da, aparteko etxola batean erosi beharko dituzte herritarrek gerora janariaren eta edariaren truke entregatu beharreko txartelak: «Ostegunean, ostiralean eta larunbatean afariak emango ditugu; eta igandean, iaz hasi genuen bezala, bazkari herrikoia egingo dugu». 

Egunero 18:00etan zabalduko dituzte ateak, eta Zerkausia girotzeko jarduerak ere prestatu dituzte. Hain zuzen, ostegunean 21:00etan hasiko dute jokalari ohien arteko afaria; ostiralean, DJ Fer arduratuko da azoka girotzeaz 19:00etatik 21:00etara eta 23:00etatik 00:30era; larunbatean, DJ Gorka Beguik hartuko du Zerkausia girotzeko ardura 19:00etatik 21:00etara eta 23:00etatik 02:00etara. Eta igandean, berriz, 14:00etan hasiko da bazkari herrikoia, eta 15:00etan hasiko dituzte haurrentzako saskibaloi jolasak.

Zenbait berritasun

Bazkari herrikoirako hiru menu prestatu dituzte antolatzaileek: umeen menua, pertsona batentzako menua eta bi pertsonarentzako menua; eta hurrenez hurren eskuratu daitezke 12, 22 eta 42 euroren truke. 

Bestalde, «berritasun garrantzitsu bat» ere nabarmendu du Ugartemendiak: «Aurten Hirukoa izeneko zerbeza izango dugu. Hiruko jaurtiketarekin egin dugu hitz jokoa eta litro erdi garagardo eskuratu ahal izango da hiru euroan».

Hori horrela, hiru aukera izango dituzte herritarrek: garagardo arrunta lau euroren truke, garagardo berezia bost euroren truke, eta aipatutako Hirukoa, berriz, hiru euroren truke. Antolakuntzako kideak kontatu du «azoka zabaltzeko» hartu dutela neurria: «Ikusten genuen jende gaztearentzat edo garagardoa hainbeste gustatzen ez zaienentzat asko izan zitekeela lau edo bost euro gastatzea garagardotan. Pentsatu genuen alternatibaren bat jarri behar genuela jende horrentzat, eta horrela aukera ematea giroaz disfrutatu ahal izateko».

Aipatutakoaz gain, beste nobedade bat ere izango dute azokako lau egunetan: hiruko jaurtiketaren erronka. Parte hartu nahi dutenek euro baten truke baloia hiruko marratik jaurti ahal izango dute, eta, saskiratuz gero, garagardo bat jasoko dute. 

Iazko neurri berean

Garagardo aukera merkeagoa ez da izango, ordea, prezioen inguruko nobedade bakarra, Ugartemendiak azaldu baitu iazko salneurri berak mantentzea erabaki duela antolakuntzak: «Prezioak ahalik eta gehien mantentzea gustatzen zaigu, ahalik eta jende gehienak izan dezan aukera bertaratzeko». 

Dena dela, azoka antolatzeko «zailtasunetako bat» horixe dela ere aitortu du: «Antolatzeari hartu diogu neurria, eta ondo moldatzen gara. Esango nuke zailena dela hornitzaileekin hitz egitea eta prezioak pixka bat negoziatzea, normalean igo egiten direlako prezioak. Zailena hori izaten da: prezioen igoera kudeatzea».

Hitzordu berezia

Saskibaloi taldearentzat «egun bereziak» izaten direla ere adierazi du antolakuntzako kideak: «Lan handia egin behar izateaz gain, oso egun bereziak izaten dira, klubaren kideak eta ingurukoak ere elkartzen direlako». Kontatu duenez uda hasieran 20 kide inguru hasten dira ekimena antolatzen, eta azokak iraun bitartean, berriz, 200 lagunetik gora izaten dira lanean.

Eta, hari berari tiraka, boluntarioen lana ere goraipatu du: «Elkarlanean antolatzen dugu, eta iruditzen zait oso familiarteko kluba garela. Jokalari helduenek lana egiten dugu, eta zortea dugu lagunak, familia eta ingurukoak ere asko etortzen direlako laguntzera. Egun bat edo beste betetzea kostatzen da, baina inguruko jende askok laguntzen digu, eta sekulako zortea da hori». 

Giro ona euren artean bakarrik ez, «orokorrean egunero» izaten dela gaineratu du Ugartemendiak, eta bertaratzera gonbidatu ditu herritarrak: «Herriari halako lau egun ematea ez da erraza izaten, baina gero jendea pozik ikustea eta klubeko jokalariak, familiak-eta... Denak batera ikustea polita da».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!