babestutako edukia

Ikasturte berriari, helburu berriak

Adin eta behar guztietara egokitutako ikastaroak dituzte Tolosako Lacunza akademian: azterketak lantzetik hasi, eta helduentzako zein enpresentzako prestakuntzetaraino. 

Ikasturtearen hasiera une aproposa da ingelesez edo frantsesez hobeto hitz egiteko, ziurtagiri ofizial bat lortzeko edo lanean eta bidaietan segurtasun handiagoz moldatzeko helburuari heltzeko. 

Lacunza Tolosa akademiaren ezaugarri nagusietako bat ikasle bakoitzari eskaintzen dion jarraipen pertsonalizatua da, eta horixe nabarmendu du Brigit Clunies-Ross ikasketa zuzendariak: «Pertsona bakoitza helburu eta behar desberdinekin etortzen da. Bere abiapuntua ezagutzea ezinbestekoa da talde egokiena gomendatzeko eta bilakaera gertutik jarraitzeko».

Esperientzia handiko irakasleek eta komunikazioan oinarritutako metodologia praktikoak ikasitakoa eguneroko egoeretan erabiltzen laguntzen dute. «Hizkuntza bat ikastea ez da gramatika ariketak egitea soilik. Ikasleak hitz egitera ausartzeko, konfiantza hartzeko eta benetako egoeretan moldatzeko gai izan behar du», zehaztu du ikasketa zuzendariak.

Ingelesez lau urtetatik

Lacunza Tolosa akademian 4 urtetik aurrera has daitezke ingelesa ikasten. Lehen urteetan, jolasak, ipuinak, abestiak eta parte-hartzea sustatzen duten jarduerak erabiltzen dira, haurrek hizkuntza modu naturalean barnera dezaten.

Ikasleak hazten diren heinean, berriz, metodologia eta edukiak ere haiekin batera garatzen dira. Helburua da etapa bakoitzean motibazioa mantentzea eta ahozko zein idatzizko komunikazioan benetako aurrerapena lortzea.

Azterketak prestatzeko

Ikasle askoren helburua Cambridgeko ziurtagiri ofizial bat eskuratzea izaten da, eta Lacunza akademiak prozesu osoan laguntzen die: mailaren ebaluaziotik eta taldearen aukeraketatik hasi, eta prestaketa espezifikora zein azterketa egiteko unerik egokiena zehazteraino.

Clunies-Rossek azaldu du ezaugarri ezberdinak aztertu behar direla unerik egokiena aukeratzeko: «Ez da azterketa batera aurkeztea bakarrik; ikaslea prest dagoenean eta gainditzeko aukerarik onenak dituenean egitea da helburua».

Ikastetxe eta enpresentzat

Lacunza akademiak hainbat ikastetxetan ere antolatzen ditu eskola orduz kanpoko ingeles klaseak. Programa horiek ikasleen adinera eta mailara egokitzen dira, irakasle adituen, koordinazio akademikoaren eta ikasturte osoko jarraipenaren bermearekin.

Horrez gain, enpresentzako prestakuntza ere eskaintzen du, erakunde eta lantalde bakoitzaren beharretara egokituta. Prestakuntza horien helburuetako batzuk izan daitezke bezeroekin komunikatzea, bileretan parte hartzea, aurkezpenak egitea edo nazioarteko merkatuetan lan egitea.

Bidaiatzeko ingelesa

Helduentzako eskaintzaren barruan, maila eta helburu desberdinetarako ikastaroak daude, baita 50 urtetik gorakoentzako taldeak ere. Klase horiek ikuspegi praktikoa dute, ikasleek bidaietan autonomiaz eta konfiantzaz moldatzeko behar duten ingelesa ikas dezaten.

Eskola horien praktikotasuna nabarmendu du ikasketa zuzendariak: «Helburua ez da ingeles perfektua izatea, komunikatzeko segurtasuna lortzea baizik. Aurrera egiten dutela ikusten dutenean, ikasleen motibazioa izugarri handitzen da».

Ikasturtea hasi da, baina oraindik garaiz daude ingelesa ikasteko pausoa eman nahi dutenak. Lacunza Tolosa akademian maila proba egin, orientazio pertsonalizatua jaso eta beharretara ondoen egokitzen den taldea aukeratu daiteke, helburu berriak lortzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!