Hizkuntza bat ikasi, lehendik dakigun bati hautsak kendu edo titulu ofizial bat eskuratu nahi badugu, ez dago urrutira joan beharrik. Tolosan bertan badago horretarako aukera: Tolosako Hizkuntza Eskola Ofiziala. 2008an zabaldu zituen ateak, eta aurtengo ikasturteari begira matrikula zabalik du. Gainera, nobedade nagusi batekin dator, espainiera ere ikasi ahal izango baita, A1 eta A2 mailetan.
Orain arte, ingelesa eta frantsesa izan dira eskaintzaren oinarriak. Ingelesean, A1etik C1era bitarteko mailak daude, eta frantsesean, A1etik B2.2ra. Ingelesean, gainera, B2.2 eta C1 mailetan ikastaro erdi-presentzialak ere eskaintzen dituzte.
Aurten, eskaintza zabaldu egin dute, espainiera gehituz. Olatz Oiartzabal zuzendariak azaldu duenez, gizartean sortzen ari diren behar berriei erantzuteko hartu dute erabakia. «Beste lurraldeetako geroz eta herritar gehiago dago, eta erakunde publiko bezala, lagundu dezakegula uste dugu. Esaterako, Espainiako nazionalitatea eskuratzeko prozesuetan A2 maila egiaztatu behar izaten da zenbait kasutan». Espainieraren oinarrizko bi mailekin ekingo diote bide berriari, eta ikasleen harreraren arabera ikusiko dute aurrerago eskaintza zabaltzeko aukera.
Ikasleen profila askotarikoa izaten dela kontatu du Oiartzabalek. «Gazte askok titulua lortzea izaten dute buruan, badira urte batzuk lehenago hizkuntzaren bat ikasi eta orain ezagutza horiek berritu nahi dituztenak, eta jubilatuen artean ere badu arrakasta hizkuntzak ikasteak».
Ikastetxe publikoa da, eta matrikularen prezioa 72,36 eurokoa da, hizkuntza eta maila guztietan. Prezio horretan urte osoko eskolak eta bi azterketa-deialdi sartzen dira. Azterketak ofizialak dira, eta gaindituz gero, titulu ofiziala eskuratzen dute ikasleek.
Matrikula online egin daiteke webgunearen bidez, edo zuzenean eskolara joanda, ordutegiaren barruan. Irailaren 16ra arte dago zabalik lehenengo matrikula-fasea. Hiru fase daude eta matrikulatzeko epea abenduaren 30era arte luzatzen da.
Izena zein mailatan eman ez dakitenek ere badute laguntza. Aurretik eskolan aritu direnek hurrengo mailan eman dezakete izena, eta lehen aldiz joaten direnek autoebaluazio-test bat dute webgunean. Testak ikaslea dagokion mailan kokatzen du, eta ikasturtearen hasieran, beharrezkoa balitz, eskolan bertan beste proba bat egiteko aukera ere badago.
Tolosako Hizkuntza Eskola Ofizialaren eskaintzari buruzko informazio gehiago nahi duenak aurrez aurre ere izango du aukera. Izan ere, larunbat honetan, San Frantzisko pasealekuan, Trianguloaren ondoan, informazio postu bat jarriko dute, 10:30etik 13:30era.
Irailaren 28an hasiko dira eskualdeko herritarrei hizkuntzak irakasteko ikasturte berriarekin.
Tolosako Hizkuntza Eskola Ofiziala
- Helbidea. Paper kalea 1.
- Telefonoa. 943 89 96 22.
- Eskaintza.
- Ingelesa: A1, A2, B1, B2.1, B2.2 eta C1.
- Frantsesa: A1, A2, B1, B2.1 eta B2.2
- Espainiera: A1 eta A2.
- Webgunea.
eoitolosaheo.hezkuntza.net. - Matrikulazioa.
Zabalik online edo ikastetxean bertan.