Gnat Zinema jaialdia irailaren 7tik 12ra izango da Donostian eta Tolosan, eta sei proposamen izango ditu. Horietako bi Tolosan ikusi ahal izango dira, Topic-en zehazki, eta jaialdia itxiko duten proposamenak izango dira. Irailaren 11n Doñana: donde el agua es sagrada ikusi ahal izango da, eta irailaren 12an Zumo de remolacha. Saioak doakoak izango dira.
Irailaren 11n, 19:00etatik aurrera, Carmen Rodriguezek zuzendutako Doñanari buruzko dokumentala ikusi ahal izango da. Lanak Europako naturagune handienetako batean, Doñanan, migrazio bidea egiten duten 300 hegazti espezie baino gehiagoren ekosistema ezagutzeko aukera ematen du. Saioa Jose Maria Morales eta Joaquin Gutierrez Acha profesionalek aurkeztuko dute.
Irailaren 12an, 19:00etatik aurrera, Zumo de remolacha ikusi ahal izango da. Zinema eta antzerkia uztartzen dituen proposamena da, eta klima krisia du ardatz. Isabel Martik zuzendu du eta Fernando Valladares zientzialariak hartzen du parte.
'Las hijas del mar'
Gnat Zinema jaialdiko azken bi saioak izango dira Tolosakoak, aurretik Donostian izango dira emanaldi guztiak, eta horiekin batera solasaldiak izango dira saio guztietan. Emanaldi guztiak 19:00etan izango dira Kursaalean, irailaren 9ko Vida entre dos mundos dokumentala izan ezik, hori Aquariumean izango da. Lehen emanaldia irailaren 7an izango da; Gemma Gonzalez Martinez zuzendari eta gidoilariaren Las hijas del mar estreinatuko dute. Euskal kostaldeko emakumeen eta Hego Koreako penintsularen hegoaldean dagoen Jeju uharteko haenyeo emakumeen arteko zubi lana egiten du.
Egitaraua
- Irailak 7: Las hijas del mar, 19:00etan, Kursaalean.
- Irailak 8: Wilding: El regreso de la naturaleza, 19:00etan, Kursaalean.
- Irailak 9: Vida entre dos mundos, 19:00etan, Aquariumean.
- Irailak 10: Blue Carbon, 19:00etan, Kursaalean.
- Irailak 11: Doñana: donde el agua es sagrada, 19:00etan, Tolosako Topic-en.
- Irailak 12: Zumo de remolacha, 19:00, Tolosako Topic-en.