Tolosako Udalak Felipe Gorriti plaza erabat berrurbanizatzeko proiektua aurkeztu du. Bertan, oinezkoen mugikortasuna lehenesten dela, eta oinezkoen, txirrindularien eta ibilgailuen arteko bizikidetza hobetzen dela nabarmendu dute. Gaur egun ibilgailuen trafikoa, zamalanak eta oinezkoen zein txirrindularien joan-etorriek bat egiten duten espazioan, diseinu berriak plataforma bakarra sortuko du, ibilgailuak plazaren erdialdeko ibilbidetik bideratuz. Hala, zamalanetarako gunea kendu egingo da, eta sarbideak kontrolatzeko sistema bat ezarriko da, Alde Zaharrera ibilgailuen sarrera mugatu eta antolatzeko. Era berean, Gorriti plaza, Barrena kalea eta Arramele zubiaren arteko bidegurutzea altxa egingo da, oinezkoen lehentasuna indartzeko eta ibilgailuen abiadura murrizteko.
Proiektuak, gainera, plaza eta haren ingurua erabilera sozial eta aisialdirako espazio atseginago bihurtzea du helburu. Izan ere, eraitsitako Oiarbide ostatuaren eranskinaren eremuan lorategi bat eta jolas-gune bat sortuko dira, eta Andre Maria kalearen eta Oria ibaiaren arteko berdegunea txukundu eta hobetu egingo da, pasealekua eta atseden-guneak gehituz. Berdegune berriek landareak eta zuhaitzak izango dituzte, eta Oria ibaiaren ondoan bankuak eta babes-barandak jarriko dira. Plaza osoan asfalto inprimatuko zoladura erabiliko da, eta ibaiaren inguruan eta euste-hormaren eremuan material iragazkorrak erabiliko dira. Andre Maria kaleak, bestalde, bi noranzkoko zirkulaziorako bi errei izango ditu.
Urbanizazio-aldaketekin batera, azpiegiturak eta segurtasun-baldintzak ere erabat berrituko direla azaldu du udalak. Oiarbide ostatuaren atzealdeko egungo euste-horma ezegonkorra denez, horma berri bat eraikiko da mikropilote bidezko zimenduekin, eta ondoko lauza ere berreraikiko da, egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko. Era berean, hornidura-sarea berrituko da, eta saneamendu-sistema unitarioaren ordez euri- eta hondakin-urak bereizteko sareak ezarriko dira. Argiteria ere hobetuko da, 11 farola berri jarri eta aireko kableen zati bat lurperatuta.
Lanak egikaritzeko lizitazioa publiko egin du udalak eta irailaren 11ra arte izango da proiektuak aurkezteko epea. Proiektuarentzat sei hilabeteko egikaritze-epea aurreikusten da, eta lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 1.077.529,16 eurokoa da, BEZa barne.