Hilaren 10era arte eman daiteke izena Gure Azoka kanpainan

Tolosako Udalak Gure Azoka bonu kanpaina jarri du abian bertako ekoizleen jarduera ekonomikoa indartzeko. Azokan postua jartzen dutenek dute diru laguntza jasotzeko aukera. 

Gure Azoka bonu kanpainak kontsumoa sustatzeko eta bertako ekoizleen jarduera ekonomikoa indartzeko helburua du, eta Tolosako Azokako ekoizleek zein saltzaileek har dezakete parte. Horretarako, irailaren 10a baino lehen eman behar dute izena. Zehazki, Tolosako Azokaren jarduera sustatzeko, bertako ekoizleen produktuen kontsumoa bultzatzeko, eta hurbileko erosketa ohitura arduratsu nahiz jasangarriak indartzeko asmoz abiarazi dute kanpaina. Postuko arduradunak egin behar du eskaera, eta postu bat baino gehiago dutenek postu bakoitzeko eskaera egin beharko dute. Izena online eman behar da, udalak horretarako prestatu duen web-plataformaren bidez.

Bost euroko bonuak 

Kanpainaren barruan, Tolosako Udalak diruz lagunduko du kanpainari atxikitako postuetan egindako kontsumoa, postu horietan erabilgarri egongo den deskontu bonu mota bakar baten bidez. Erosketa bonu bakoitzak bost euroko balioa izango du, eta bonuak metagarriak izango direla adierazi du udalak. Informazio guztia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kontsulta daiteke; besteak beste, kanpainaren oinarriak, parte hartzeko baldintzak, eskaera egiteko prozedura eta bonuen funtzionamenduari buruzko zehaztasunak.

Diru laguntza lerro hau Tolosako Udalaren 2026-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago.

Tolosako Udalak azokako ekoizle eta saltzaile guztiak animatu ditu kanpainarekin bat egitera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!