Iraileko lehen egunarekin batera zabaldu du matrikulatze epea Aitzol Udal Euskaltegiak. Aurten ere maila guztietako ikastaroak goizez zein arratsaldez eskainiko ditu Tolosako euskaltegi publikoak, eta irailaren 18a izango da horietan izena emateko azken eguna. Euskara pauso batera leloarekin aurkeztu dute matrikulazio kanpaina, eta euskara ikasteko aurten «erraztasun handiagoak» izango direla nabarmendu dute, dirulaguntzetan «aldaketa esanguratsuak» izan direla-eta.
Euskaltegian 16 urtetik gorako edonork eman dezake izena, eta tolosarrak ez ezik, edozein herritar izan daiteke Aitzol Udal Euskaltegiko ikasle. Izena aurrez aurre zein elektronikoki egin daiteke: batetik, euskaltegiaren egoitzara —Gorosabel eraikineko hirugarren solairua— idazkaritza ordutegian bertaratuta; eta, bestetik, Tolosako Udalaren egoitza elektronikoan. Eta zalantzak argitzeko, berriz, hiru aukera aurkeztu dituzte euskaltegiarekin harremanetan jartzeko: mezua bidaltzea aitzolue@tolosa.eus helbide elektronikora, telefonoz deitzea 943 65 10 06 zenbakira edo WhatsApp bidez mezua bidaltzea 687 80 39 74 zenbakira.
Aldaketak dirulaguntzetan
Josebe Izagirre euskaltegiko zuzendariak azaldu du ikasleek bi dirulaguntza jaso ditzaketela: Eusko Jaurlaritzarena eta Tolosako Udalarena. Eusko Jaurlaritzak, batetik, Euskara Bonua jarri du martxan: horren bitartez ikasleek 120 euro ordainduta euskaltegiko ikastaroak finantzatu ahal izango dituzte, gehienez, lau ikasturtez. B1 mailara arteko ikasleentzat prestatu dute bonua, eta euskaltegian bertan tramitatu dezakete ikasleek. Bestetik, C1 mailan aritu nahi duten 16 eta 18 urte arteko ikasleei, berriz, matrikularen «erdia baino gehiago» ordainduko die Eusko Jaurlaritzak.
Bestalde, Tolosako Udalak herrian erroldatuta dauden ikasleen matrikularen zati bat finantzatuko du: B1 mailara arte % 95; C1 mailan % 75; eta C2 mailan % 50. Ikasturtearen hasieran aplikatzen da dirulaguntza, hortaz, esate baterako B2 mailako ikasle batek matrikularen % 5 ordainduko luke —ikasturtea baldintzen arabera betez gero; baldintzak bete ezean falta den zatia ordaindu beharko luke—. Udaletik nabarmendu dute dirulaguntza hori bateragarria dela Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituenekin. Beraz, adibidez, ikasle tolosarrek Euskara Bonuagatik ez dute 120 euro ordaindu beharko, 20 euro baizik —gainerako 100 euroak udalak jarriko lituzkeelako—. Izagirrek gaineratu du Tolosako Udalaz gain, eskualdeko «udal gehienek» ere ematen dituztela euskara ikasteko laguntzak.
«Aurrerapauso esanguratsua»
Andu Martinez de Rituerto alkateak dei egin du euskaltegian izena ematera, eta adierazi du «inoiz baino erraztasun handiagoak» izango direla: «Agintaldi honetan aurrerapauso esanguratsua eman dugu euskara-ikasleentzako dirulaguntzetan. Funtsezkoa da erraztasunak jartzea, horrela lortzen baita herritar gehiago animatzea. Eusko Jaurlaritzak ere emango du antzeko pauso bat aurten, Euskara Bonuarekin. Guk, udal gisa, osatu egingo dugu hori, eta tolosarrek 20 euroan eskuratu ahalko dute Euskara Bonua. Euskara ikastea eskubide gisa ulertzen dugu, eta horretarako bide egokiak jarri behar ditugu».
Alkateak nabarmendu du euskara ikastea «norberarentzat ez ezik» onura dela komunitatearentzat ere: «Euskara ikasteak ate asko irekitzen dizkio norberari, baina inguru osoari egiten dio ekarpena: euskara ikastearekin, euskara ulertzearekin eta hitz egitearekin, bidea irekitzen da euskaraz bizi nahi dutenek horretarako aukera izan dezaten, eta gure arteko harremanak sendotu daitezen. Funtsean, euskara ikasteak ekarpen handia egiten dio norberari, baina denontzat da onura. Eskerrik asko, beraz, urteotan euskara ikasteko pausoa eman duten guztiei. Eta ikasi ez dutenei, berriz, dei hau: irekita duzue euskaltegiko atea».